Errementoarrak Haur Hezkuntzako haurrentzako eta haien gurasoentzako jolaserako egitasmoa antolatu du Zestoako Euskara Foroak, Zestoako Udalak lagunduta. Gaur, apirilak 21, izango da lehen hitzordua jolas-parkean, 17:15ean hasita. Ordubeteko iraupena izango dute saioek, eta guztira, zazpi egunetan egingo dituzte: gaur, apirilaren 27an eta maiatzean 4an edo 5ean, 9an, 15ean, 26an eta 31n. Jolaserako saioak Jauzika heziketa elkarteak koordinatuko eta gidatuko ditu.
Zure seme-alaben jolas gogokoena zurekin jolastea delako goiburu hartuta antolatu dute Errementoarrak. Antolatzaileen arabera, seme-alabekin jolastea "garrantzitsua" da, eta beste familiekin batera eginda, "jolasa baino askoz gehiago" da. Seme-alabekin jolasteak onurak dituela nabarmendu dute: "Komunikatzen eta elkarri laguntzen ikasteko, autoestimua indartzeko, haurren aldartea hobetzeko eta gaitasun sozialak garatzeko lagungarri da jolasa".