Donostiako Gotzaindegiak bere jabetzakoa den Elizondo (Zentroa) eraikinaren okupazioaren harira salaketa jarrita, Zestoako gazte bat epaituko dute asteartean Azpeitiko Epaitegietan. Duela bi hilabete sartu ziren Zestoako Gazte Asanbladako (ZGA) kideak Elizondon; Gaztetxea eraikin horretara lekualdatzeko eskatzen ari da ZGA azken bi urteotan. Otsailaren 22an, Ertzaintzak Elizondon zeuden sei gazte identifikatu zituen, eta horietako bat epaituko dute asteartean.
Elizari salaketa kentzeko eskatzeko eta eoaituko duten gazteari babesa adierazteko bi elkarretaratze deitu ditu ZGAk, eta gaur eguerdian egin dute lehenengoa. 13:30ean, hamarnaka herritar elkartu dira herriko plazan, Herriko gazte bat epaitua, absoluzioa orain! leloa zuen pankartaren atzean.
Asteartean, epaiketaren egunean, egingo dute bigarren elkarretaratzea, 10:15ean, Azpeitiko Epaitegien aurrean.
"Jabetza lehenetsi"
Elkarretaratzea bukatzeko, gaurkorako prestatu duten adierazpena irakurri du Gazte Asanbladako kide batek.
"Gotzaitegiaren jarrera salatu" eta erakunde horren ordezkariek agertutako "negoziatzeko borondate eza mahai gainean jarri nahi" du ZGAk, "abandono egoeran duen eraikin baten jabetza lehenetsi baitute herriko gazteen proiektu emantzipatzailea baztertuz, Zestoako herrian honek izan dezakeen ekarpen positiboa kontuan izan gabe".
Asanbladakoek gogoratu dute Gaztetxea Zentrora lekualdatzeko proiektuan "bi urte luze lanean" daramatzatela, eta bide horretan herriko norbanakoen zein eragileen aldetik jaso duten "babesa" nabarmendu nahi izan dute. "Baina duela bi hilabete, negoziaketen geldotasuna zela eta, Gazte Asanblada eraikina birjabetzera behartuta ikusi zen. Behin barruan, Elizarekin zein Udal Gobernuarekin harremanetan jarri ginen, baina jasotako erantzuna ez zen espero genuena izan", azaldu dute. Udalaren "jarrera pasiboa" aipatu dute, baina Elizaren ordezkarientzat izan dira gaurkoan kritika nagusiak. "Gotzaindegiak harremana moztu eta negoziaketa erabat blokeatu zuen. Izan ere, Gotzaindegiaren erantzun bakarra bide judiziala hartzea eta horrenbeste predikatzen duen bakearen ordez indar polizialak bidaltzea izan zen".
Elizak "bere interesak lehenetsi" dituela dio ZGAk, interes horiek "jabetza pribatua eta dirua" direla gaineratuta, "bere erretorika faltsuen atzean zer eskutatzen den garbi utziz". Gazte Asanbladak "garbi utzi" nahi du asteartekoa "proiektu kolektibo baten aurkako epaiketa" izango dela, eta "epaitua izango dena ez dela gazte bat soilik, baizik eta Zestoako gazteria".
Aurreko egunetan egindako eskaera berretsi du gaurko elkarretaratzean ZGAk: salaketa "berehala" kentzeko eta "negoziatzera eseritzeko exijitzen" diote Elizari.