Ibilbide luzearen txanda izango dute etzi Zestoa Osasuntsu egitasmoaren barruan. Adinekoak taldean eta lagunarte giroan ariketa fisikoa egitera bultzatzeko egitasmoa da Zestoa Osasuntsu. Ibilbide laburrak eta erosoak eta luzeagoak eta zailxeagoak tartekatzen dituzte; bigarren erakoa izango da ostegun honetakoa, "arin dabiltzanentzat eta oinez ibiltzera ohituta daudenentzat" prestatutakoa, alegia, udalaren Kirol zerbitzuko antolatzaileek gogorarazi dutenez.
Oraingoan, udalerriaren mugen barruko ibilbidea egingo dute parte hartzaileek: Zestoa-Ekainberri-Sastarrain-Agitta-Etorra-Zestoa. Zortzi kilometro guztira, bi-hiru ordutan egitea aurreikusten dute, 09:30ean kiroldegi ataritik abiatuta. Ibilaldiaren amaieran, berriz, ohi dutenez, mokadutxoa egiteko aukera izango dute parte hartzaile guztiek.