Euskal Selekzioko pilotariek martxoaren 27tik apirilaren 1era artean jokatu dute Munduko X. Pilota Txapelketa Alziran (Herrialde Katalanak), Esku Pilotako Nazioarteko Konfederazioak (CJPB) antolatuta. Naroa Agirre (Arroagoia, 2003) pilotari arroarra pozik dago txapelketan lortutako emaitzarekin, eta aurrez "ondo entrenatu" izanaren emaitza dela dio.
Munduko Pilota Txapelketan 21 urtez azpikoetan jokalari onenaren saria eman dizue. Espero al zenuen?
Inola ere ez nuen espero sari hori, eta oso gustura jaso nuen. Gainera, Euskal Selekzioak pilotari onenaren bi sari jaso zituen, nik bat jaso nuen eta bestea Egoitz Amantegik. Normalean, beste herrialde batzuetako pilotariak izaten dira pilotari onenaren sariak jasotzeko faborito, oraingoan, ordea, Euskal Selekzioko bi jokalari izan gara sarituak, eta gustura gaude.
Jokalari onenaren saria jasotzeaz gainera, bi urre ere lortu dituzu.
Bai, Euskal Selekzioko neskok pilota balentziarrean eta nazioartekoan urre bana lortu ditugu, eta brontzea onewall diziplinan. Mutilek, berriz, urrea lortu dute pilota balentziarrean eta zilarra onewall modalitatean. Txapelketa nesketan zazpi herrialdek jokatu dugu eta mutiletan hemeretzik, Euskal Selekzioak nesketan hiru diziplinetan parte hartu du eta mutilek lautan. Beraz, emaitza oso onak lortu ditugu.
Maila ona duzuen seinale, ezta?
Bai, hala da. Euskal Selekzioak nesketan hiru modalitatetatik selekzio onenaren saria lortu du. Horrek erakusten du aurretik entrenamenduetan-eta lan ona egin genuela. Mutil kasuan, herrialde gehiagok jokatu dute txapelketa, eta zailago izan dute; dena den haiek ere emaitza bikainak lortu dituzte. Ederki joan da txapelketa.
Beraz, esperientzia ona izan da Munduko Pilota Txapelketa.
Horrelako txapelketak jokatzeko bidaiatu ere egiten da, eta denok nahi izaten dugu jokatzea, eta entrenamenduetan denok egin dugu lan gogorra. Behin txapelketarako konbokatzeak ez du esan nahi gero jokatuko duzunik; nire kasuan, baina, nahiko partida jokatu nituen txapelketan, eta alde horretatik oso gustura nago. Hala ere, entrenamenduetan hara joandako guztiok egin genuen lana. Oraingoa Euskal Selekzioak Munduko Pilota Txapelketan parte hartzen zuen bigarren aldia zuen, aurrekoan emaitza onak lortu zituen, baina oraingoan hobeak lortu ditugu. Horrek erakusten du denbora gutxian asko hobetu duela Euskal Selekzioak.
Hemendik aurrera zer?
Datorren urtean Europako Txapelketa jokatuko da Portugalen, eta hurrengo Munduko Txapelketa 2026. urtean egokitzen da; hiru urtetik behin jokatzen baita. Europakora gustura joango nintzateke, eta mundu mailakoa, berriz, oraindik urruti samar gelditzen da, eta jakiteko dago aukeraketa tokatzen denean zer mailatan nagoen.
Nazioarteko txapelketak alde batera utzita, orain bestelako zein pilota txapelketa jokatuko dituzu?
Orain partida asko izango ditugu, gelditu gabe ibiliko gara, eta udan ere berdin. Lesio bategatik-edo geldirik egon eta gero partidako erritmoa hartzea kostatu egiten da, baina astebururo partida jokatuta, erritmo horretan sartuta egoten da eta joko puntua hobea izaten da. Orain, Ados Pilotaren beste txapelketa bat hasiko da, eta hor ariko naiz, baita Bergarako Hiria Txapelketan ere. Ondoren, GRABNI txapelketa jokatuko dut.
