Herriko intzidentzien berri erregistratzeko aplikazioa sortu du Zestoako Udalak

Ihintza Elustondo 2023ko apirilaren 4a

Zestoa Geuk Egina aplikazioa jarri du martxan erakundeak, eta zestoarrek kalean ikus ditzaketen intzidentzien berri udalari zuzenean helarazteko balioko du. Eskuko telefonoetan deskargatu beharko dute herritarrek aplikazioa.

Zestoa Geuk Egina aplikazioa jarri du martxan Zestoako Udalak, "herritarrengandik ahalik eta gertuen egoteko komunikazio estrategia planaren barruan". Aplikazio hori eskuko telefonoan instalatzeko aukera izango du edozein herritarrek, eta besteak beste, zestoarrek kalean ikus ditzaketen intzidentzien berri udalari zuzenean helarazteko balioko du.

Aplikazioa deskargatzeko modu ezberdinak daude, baina gomendagarriena Google Play eta App Store guneetatik deskargatzea da, doan. Udalak nabarmendu duenez, "oso modu sinplean eta azkarrean" herritarrek identifikatutako arazoak edo intzidentziak erregistratu ahal izango dituzte aplikaziaren bidez. Ondoren, intzidentzia ireki duen herritarrari, informazioa bidaliko dio udalak ematen diren pauso guztien berri emanez, aplikazioaren bidez.

Aplikazioan lehenetsi duten hizkuntza euskara da. Dena den, erakundeak jakinarazi duenez, gerta daiteke, kasu batzuetan, eskuko telefonoaren hizkuntza ezarpenaren arabera, aplikazioa gazteleraz deskargatzea. Dena dela, behin aplikazioa deskargatuta, erabiltzaileak nahi duen hizkuntza hauta dezake.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide