Torturari buruzko jardunaldietan, 'Karpeta urdinak' dokumentala eta solasaldia izango dira bihar Zestoan

Nerea Uranga 2023ko apirilaren 3a

'Karpeta urdinak' ikus-entzunezkoa.

Portale kultur elkarteak eta Zestoako Sarek antolatutako jardunaldietako azkenengo hitzordua izango da biharkoa.

Tortura Euskal Herrian izenburupean jardunaldiak egiten ari dira joan den otsailetik Zestoan, Portale kultur elkarteak eta Zestoako Sarek antolatuta. Dokumental emanaldiak, mahai ingurua eta solasaldiak izan dira jardunaldien barruan, eta bihar, asteartea, izango da azken hitzordua.

Biharkoan, Karpeta urdinak ikus-entzunezkoa eskainiko dute, eta ondoren, Ander Iriarte (Oiartzun, Gipuzkoa, 1986) dokumentalaren zuzendariarekin solasean aritzeko aukera izango dute herritarrek. Saioa Alondero kultur etxearen aretoan izango da, 19:00etan hasita. Saiorako sarrera aldez aurretik erosteko aukera dago Portalen, hiru eurotan.

Urtarrilean estreinatu zuen Iriartek Karpeta urdinak dokumentala Ipar Euskal Herrian, Gastibeltza ekoiztetxearekin. Laura Pegok eta Paco Etxeberriak zuzenduta, EHUko Euskal Kriminologia Institutuak Euskal Herrian gertatutako milaka tortura kasuren inguruan egindako ikerketa zientifikoa du oinarritzat Iriartek egindako ikus-entzunezkoak. Psikologoen lana, Istanbulgo Protokoloa, torturatuen terapiak eta tortura sistema gisa aztertzen ditu oiartzuarrak dokumentalean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide