Ardo dastaketari harrera bikaina egin diote beste behin Zestoan

Mailo Oiarzabal 2023ko apirilaren 1a

11 upategitako edariak eta momentuan egindako pintxoak aukeran izan dituzte kiroldegi atariko aterpea bete duten herritarrek.

Zortzigarrena ere arrakastatsua izan da. Zenbaki hori harrapatu du gaur Laiak dendak Zestoan antolatzen duen Ardo Dastaketak, eta aurtengoari ere harrera beroa egin diote zestoarrek.

Kiroldegi atariko aterpean egin dute aurten ere, eta 11 upategi elkartu ditu Zestoako VIII. Ardo Dastaketak: Aimarez, G. Aldazabal, Monteabellon, Rioja Bordon, G. de Olano, Aitaren, Caecus, Ondalan, Zudugarai, Ramon Bilbao eta B. Mazuela. Zuriak edo beltzak, urtekoak edo onduak, izan dute non aukeratua 12:30ean hasi eta pare bat ordu iraun duen ardo dastaketara joan direnek. Jatekoa ere ez dute aparte izan; Lopene harategiko, Basatxerriko zein Maisorreko gaiekin prestatu dituzte mokaduak antolatzaileek. Txorizoak erretzerakoan parrillatik ateratzen zen keak jantzi du dastaketa, eta Eibarko Ustekabe txarangaren musikak borobildu du festa giroa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide