Naroa Agirrek bi urre irabazi ditu Euskal Selekzioarekin esku pilotako Munduko Txapelketan

Mailo Oiarzabal 2023ko martxoaren 30a

Naroa Agirre (zutik, eskuinetik hasita bigarrena) Euskal Selekzioko kideekin, atzo, Alziran. (Utzitakoa)

Atzo hasi zen Alziran (Herrialde Katalanak) Esku Pilotako Nazioarteko Konfederazioak (CJPB) antolatutako txapelketa, eta larunbata bitartean jokatuko dute. Lehen jardunaldian, nazioarteko jokoan eta joko valentziarrean lortu zituen txapelak emakumeen Euskal Selekzioak, eta bietan tartean izan zen Arroagoikoa.

Atzo hasi zen Alziran (Herrialde Katalanak) Esku Pilotako Nazioarteko Konfederazioak (CJPB) antolatutako Munduko Txapelketa. Euskal Selekzioak urrezko hiru domina irabazi zituen lehen jardunaldian eta horietako bi, emakumeen selekzioak irabazitako biak, kolkoratu zituen Naroa Agirre arroarrak.

Nazioarteko jokoan eta joko valentziarrean irabazi zituen bi urreak Agirrek Euskal Selekzioarekin. Bi finalak etxekoen kontra, Valentziako selekzioaren kontra, jokatu zituzten euskal herritarrek. Nazioarteko jokoan, 6-3 nagusitu zen Euskal Selekzioa; Amaia Aldai, Olatz Arrizabalaga eta Miren Larrarte izan ziren Arroagoiko pilotariaren kideak final horretan. Joko valentziarraren finalean, berriz, Arrizabalagarekin bikotea osatuta jokatu zuen finala Agirrek, eta aise irabazi zioten Valentziako bikoteari, 21-7.

Lau diziplinatan ari dira jokatzen Munduko Txapelketa; aipatutako biez gain, one wall eta llarges jokoetan ere lehiatuko dira pilotariak. Larunbatean bukatuko da Munduko Txapelketa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide