Kontsulta aldiko beste bilera bat egin dute gaur GRI Castings enpresaren eta langileen ordezkariek. Batzar horretan, enpresak kanpoko birkokatze plana aurkeztu dio Enpresa Batzordeari. ELA sindikatuak adierazi du, enpresak aurkeztutako birkokapen plana ez dela kontuan hartzeko modukoa, "eduki nahikoa ez" duelako eta ekarpen txikia egiten duelako. Horrez gainera, enpresaren zuzendaritzak egindako plana gaur egun enpresan ezin dela ezarri adierazi dute GRI Castingseko langileen ordezkariek.
Gonvarri taldeko GRI Castings enpresak Zestoako Sansinenea industrialdeko lantegia itxi eta langile guztiak (61 behargin, guztira) kaleratu nahi ditu. Erabaki horri lotuta, EEEaren kontsulta aldiko bilerak hasi zituzten orain bi aste. Langileek enpresa ez ixteko eta langilerik ez kaleratzeko eskatzen ari dira enpresak erabakia jakinarazi zuenetik.
Kontsulta aldiko hurrengo bilera etzi ostirala izango dute. Egun horretan bertan, langileek beren egoera salatzeko beste elkarretaratze bat egingo dute 13:45etik 14:30era artean, Zumaiako ordainlekuko biribilgunean. Enpresa Batzordeak esan du langileek mobilizazioekin jarraituko dutela egoera konpondu bitartean, eta administrazio publikoari eskatu diote beren auzian esku hartzeko eta GRI Castingsen industria politikaren alde borrokatzeko.