Banatu dituzte Arroabeko V. Ipuin Lehiaketaren sariak

Mailo Oiarzabal 2023ko martxoaren 29a

Helduen maila gehituta, lehen aldiz auzotar guztiek izan dute lehiaketara ipuinak aurkezteko aukera. 30 lan aurkeztu dituzte guztira, lau mailatan banatuta. Mara Giusti (LH 1-2 maila), Leire Egaña (LH 3-4 maila), June Garziarena (LH 5-6 maila) eta Josune Larrañaga eta Maria Iribar ex aequo (helduak) izan dira saridunak.

Atzo banatu zituzten Arroabeko V. Ipuin Lehiaketaren sariak. Plezan egin zuten Ezkaizto auzo elkarteak Arroako Eskolaren laguntzarekin antolatzen duen lehiaketaren sari banaketa ekitaldia.

Aurten helduen maila gehitu diote sariketari eta, horrenbestez, lehen aldiz auzotar guztiek izan dute lehiaketara ipuinak aurkezteko aukera. 30 lan aurkeztu dituzte guztira, lau mailatan banatuta. Amaia Sarriegi eta Jone Carbonell irakasleek, eta Joseba Ossa eta Dani Aizpurua itzultzaileek osatu dute edizio honen epaimahaia.

LH 1-2koen mailan, Mara Giustiren Txoritxoa eta munstroa ipuina saritu dute. Lanaren "irudimena, perspektiba berezia, tradizionalki gaizto paperean agertzen den munstroaren ikuspegi desberdina eta idazkera egokia" nabarmendu du epaimahaiak.

LH 3-4koen mailan, berriz, Leire Egañaren June gazteluan lanarentzat izan da saria. Ipuina "txukun eta zuzen" idatzita dagoela iritzi diote epaimahaikideek, eta lanaren "irudimen handia" eta "errealitatearekin duen lotura" aipatu dituzte. "Amaiera klasikoa dauka, baina adin honetan hori erabili izana balio handikotzat" jo dute.

June Garziarenak jaso du LH 5-6koen mailako saria, Mundu magikoa ipuinarekin. Epaimahaiaren aburuz, "ipuin ederra da, ondo josia, zuzen idatzia, eta istorioak jarraipena dauka amaieratik haratago".

Estreinatu berri duten helduen mailan, azkenik, bi ipuin ex aequo saritzea erabaki dute epaimahikideek: Josune Larrañagaren Bibolin doinuak eta Maria Iribarren Itzulera. Larrañagaren ipuinaren "sentiberatasuna, edertasuna eta naturaltasuna" goraipatu dituzte; Iribarrena, berriz, "baliabide literario aberatseko istorioa", epaimahaikideentzat, eta "lehen lerrotik irakurlea lotzeko duen gaitasuna" balioetsi dute. Epaimahaiak, era berean, helduen mailan aurkeztu diren lanek "orokorrean duten maila" azpimarratu nahi izan du.

Antolatzaileek, beren aldetik, "denak irabazle direla" gogorarazi zieten atzoko ekitaldian parte hartzaile guztiei, "irudimena erabiliz orri txuri baten aurrean jarri eta istorio bat sortzeagatik".

 

(Argazkiak: Ezkaizto auzo elkartea)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide