Gaztetxearen auzian duen jarrera argi azaltzeko eta konpromisoak hartzeko eskatu diote Zestoako Udalari

Aitziber Arzallus 2023ko martxoaren 29a

Elizondo eraikina. (Aitziber Arzallus)

Gaztetxearen kontrako epaiketa apirilaren 18an izango dela jakin eta gero, Gazte Asanbladak uste du beharrezkoa dela udalak Gaztetxearen auzian duen jarrera era ofizialean adieraztea eta konpromiso zehatzak hartzea. Biharko udabaltzarrean aztertu eta bozkatu beharko dute mozioa. 

Zestoako Gazte Asanbladako kideek mozioa sartu zuten atzo, asteartea, Zestoako udaletxean, biharko udalbatzarrean azter dezaten. Gazteek atzo jakin zuten apirilaren 18an izango dela Zestoako Gaztetxearen kontrako epaiketa, Elizondo eraikina okupatu izanagatik Gipuzkoako Gotzaindegiak jarritako salaketak aurrera jarraitzen duelako. Horren aurrean, "Elizaren pasibitatea zein negoziatzeko prestutasunik eza ikusita", urratsa egitera "behartuta" ikusi direla adierazi dute.

Gazte Asanbladak kideen arabera, "Udal Gobernuak pribatuan zein deitu zuen batzar zabalean proiektuaren aldeko jarrera agertu izan badu ere, inoiz ez du modu ofizialean jarrera irmorik adierazi. Are gehiago, zenbait zinegotzik eta alkateak berak egindako komunikatuak batzarrean esandakoaren kontra datoz modu zuzenean. Eta horrek udalarekiko sortzen digun konfiantza falta dela eta, beharrezkoa deritzogu udalak behingoz era ofizialean bere postura agertzea eta konpromiso zehatzak hartzea". Horrenbestez, "egoeraren larritasuna kontuan izanda", Zestoako Udalari biharko udalbatzarrean ondorengo hiru puntuak onar ditzala "exijitu" diote gazteek:

  • Elizondo eraikinak Zestoako Gaztetxea izan beharko lukeela adieraztea.
  • Udalak Elizaren arduradunei eskatzea lehenbailehen herriko gazteen aurkako salaketa ken dezala. Zentzu horretan, Udalak Elizari eskatzea entzungor egiteari utz diezaiola eta Gazte Asanbladako eta Udal Gobernuko kideekin eser dadila.
  • Udalak auzi honetan duen erantzukizuna onartzea, hau da, bere gain hartzea Gaztetxea Elizondo eraikinera mugitzearen proposamena eta Gaztetxeak duen ezegonkortasunari soluzioa emateko erantzukizuna. Era berean, dituen baliabide guztiak erabiltzeko konpromisoa hartzea auzi honi aterabide adostu bat emateko, bai baliabide ekonomikoak, baita azpiegitura baliabideak ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide