Sutea izan da bart Zestoako Endoia auzoan. Ertzaintzak UROLA KOSTAKO HITZAri jakinarazi dioenez, 03:50 aldera piztu da sua Txankarta baserriaren inguruan, Itziarko lurretan. Sua hedatzeko arriskua zela eta, inguruko sei baserri hustu dituzte: Deba udalerriko lurretan dauden Itziarko Txankarta eta Larretxe, eta Zestoako Xipri, Uztapide, Azketa eta Laxaro dira hustu dituzten baserriak, Mikel Arregi Zestoako alkateak jakinarazi duenez 35 lagun inguru atera dituzte etxeetatik, prebentzioz. Horien artean, 86 urteko emakumezkoa. Suhiltzaileek hedabide honi azaldutakoaren arabera, pinudi batean piztu da sua. Haizeak gogor jotzen zuen arren, garaiz iritsi dira Urola Erdiko, Urola Kostako eta Arrateko parkeetatik joandako suhiltzaileak, eta horrek erraztu du sutea asko ez hedatzea.
05:45erako sua kontrolpean hartzea lortu dute suhiltzaileek, eta hasieran ertzainek GI-3293 errepidea itxi duten arren, 07:00ak alderako ireki dute bidea. Etxeetatik atera dituzten bizilagunak ere bizilekuetara itzultzen ari dira, Ertzaintzak jakinarazi duenez.
