GRI Castings enpresaren itxieraren aurka mobilizatu dira Zestoan

Maialen Etxaniz 2023ko martxoaren 24a

GRI Castingseko Enpresa Batzordeak deituta, manifestazioa egin dute gaur arratsaldean Zestoan. Enpresa itxi ez dezatela eskatu dute langileek herriko kaleetan barrena egindako protestan, eta erakundeei "hitzetatik ekintzetara" igarotzeko galdegin diete. Era berean, azpimarratu dute GRIn lan egiten duten langileek haien "lanpostuen etorkizunaren alde" borrokatuko dutela. 

GRI Castings enpresak Zestoako lantegia itxi eta 61 langile kaleratuko dituela salatzeko manifestazioa izan da gaur arratsaldean Zestoan, Enpresa Batzordeak –ELA eta LAB– deituta. Dozenaka lagun atera da kalera GRI Castings enpresako langileei babesa adieraztera eta erakundeei "hitzetatik ekintzetara" igaro daitezela eskatzera. 19:00etan irten da manifestazioa Zestoako plazatik, GRI ez itxi! lelopean. Herriguneko kaleak igarota, plazan amaitu da protesta, eta han hartu dute hitza Enpresa Batzordeko kideek.

Atzera begira jarrita ekin diote hitzartzeari, eta aipatu dute GRI Castingseko langileek badakitela zer den "etorkizunari buruzko ziurgabetasuna" jasatea: "GRI Castingen lan egiten dugunok TS Fundiciones itxi genuen. Badakigu zer den etorkizunari buruzko ziurgabetasuna jasatea, enplegua galtzea, eta kasu askotan langileok erabili eta bota egiten garela ikustea". Hori dela eta, azpimarratu dute "ziur" daudela GRI Casting "etorkizuna" duen enpresa dela, betiere "ondo bideratuta eta industria-proiektu serio batekin". Horren harira, jopuntuan jarri dute Gonvarri Taldea, eta "lidergo eta seriotasun falta" egotzi diote. "Jarduera hasi zenetik, enpresa berriak enpresa zuzentzeko gaitasun falta erakutsi du. Gonvarri taldea honela definitzen da: 'Altzairu lauaren eta aluminioaren transformazioan liderra den konpainia, 60 urtetik gorako esperientzia duena'. Zestoan ez dugu lidergo hori ikusi. Lan-kargak oso estuak izan dira beti, eta industria proiektuak ez du seriotasunik izan", adierazi dute Enpresa Batzordeko kideek.

Egoera horren aurrean, GRIn lan egiten duten langileek haien "lanpostuen etorkizunaren alde" borrokatuko dutela azpimarratu dute, eta, era berean, "eskualdeko pertsonei lana ematen jarraitu behar duen instalazio baten etorkizunaren alde" borrokatzeko prest agertu dira. Horren karitik, erakundeei "hitz onetatik ekintzetara" igaro daitezela galdegin diete: "Enpresetako zuzendaritzek fabrika itxi, iritziak galdu eta langileak kaleratzen dituzte, zigorgabetasun osoz. Beraz, erakundeei zorroztasuna eta exijentzia eskatzen diegu Gonvarri Taldearen aurrean". Horrenbestez, azpimarratu dute ez dutela "onartuko" lantegiaren itxiera. "Etorkizuna bermatuko duen industria-proiektu baten alde borrokatuko dugu. Asko dago jokoan".

Astearteko bileraren ostean, ziurgabe

Langileek asteartean erabaki zuten mobilizazioa deitzea, enpresaren ordezkariekin bilera izan eta gero. Ohar bidez azaldu zutenez, astearteko bileran enpresak txosten teknikoaren inguruko azalpenak eta arrazoiak eman behar zizkien Enpresa Batzordeko kideei. Bilerara, ordea, enpresako ordezkariak bakarrik ez, Deloitte ahokularitza etxekoak ere azaldu zirela azaldu zuten. Deloittekoak "aurrez abisatu gabe" agertu ziren bilerara, eta horrek, langileak "erabateko babesgabetasun egoeran" utzi zituela salatu zuen Enpresa Batzordeak asteartean bertan, ohar bidez.

Langileek ez dute nahikotzat jo astearteko bileran enpresak kontatutakoa. "Ez digu balio esaten duten ezerk. Gezurra eta manipulazioa dira euren erabakia justifikatzeko erabiltzen dituzten baliabide bakarrak, eta txosten teknikoaren inguruan eman dizkiguten azalpen guztiak alperrikakoak dira", adierazi zuten langileen ordezkariek. Testuinguru horretan deitu zuten protesta, eta berririk ezean, horretan jarraituko dutela berretsi dute. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide