Zestoako udaleku irekietan begirale lan egin nahi dutenentzako deialdia, irekita

Mailo Oiarzabal 2023ko martxoaren 21a

Aurreko urteko udalekuetako begiraleak, Laranjadin. (Zestoako Udala)

Udaleku irekietarako begirale zein koordinatzaile, eta kirol udalekuetarako nahiz Uda Gazterako kirol begirale lan poltsak osatzeko deialdia martxan da gaurtik. Apirilaren 20ra arte eman daiteke izena Zestoako Udalean.

Gaurtik irekita dago datorren udan Zestoako Udalak antolatuko dituen udalekuetan begirale lan egin nahi dutenentzako lan poltsetan izena emateko epea.

Zestoako Udalak hiru lan poltsa jarri ditu martxan 2023an antolatuko dituen udalekuetarako: udaleku irekietarako begiraleena, udaleku irekietarako koordinatzailearena, eta kirol udalekuetarako eta Uda Gazte programarako kirol begiraleena. Hiru lan poltsa horietan izena emateko epea apirilaren 20an itxiko da. Izena emateko jarraibideak eta hiru deialdien oinarriak eta baldintzak udalaren Gazteria Sailaren webgunean jarri dituzte, eta bertan jarriko dituzte ondoren lan poltsetan onartutakoen behin-behineko zein behin betiko zerrendak ere.

Informazio gehiago edota zalantzak argitzea behar dutenek, berriz, telefono zenbaki hauek dituzte eskura: 688 68 40 29 (Gaztelekua) eta 943-14 79 42 (kiroldegia).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide