Duela bi aste Zestoako Gazte Asanbladak Elizondo eraikina okupatu zuenetik, eskualdeko hainbat erakundek eman dute aferari buruzko iritzia eta aldarrikapena artikuluen bidez. Iritzia ematea eta aldarrikatzea zilegi da, baina iritzia defendatzeko gezurra esatea ez.
Aurreko astean Eider Agirrek egunkari honetan bertan argitaratu zuen Hitzetatik benetako konpromisora artikuluan, Zestoako Udalak "gazteak espaziorik gabe" uztea planteatu zuela, eta "Gaztetxea husteko arriskua bertan egonda" hasi zirela Gazte Asanbladako kideak irtenbide bila adierazten zuen. Premisa hori gezurra da eta hala ziurta dezakegu hasierako bilera haietan egon eta artikulu hau sinatzen dugun bi zinegotziok. Gaztetxea itxi eta herria Gaztetxerik gabe uztea ez da inoiz egon mahai gainean.
Egia da gaur egungo Gaztetxeak hainbat arazo tekniko dauzkala bertan egiten diren jarduera batzuk egiteko. Arazo horiek berberak dira 1994an eta gaur egun. Hori horrela, Udal Gobernuak Gaztetxea lekualdatu ahal izateko bi alternatiba egon zitezkeela jarri zuen mahai gainean; bata, lortzen errazagoa, jabetza publikokoa delako; eta, bestea, lortzen zailagoa, jabetza Elizarena delako. Gazte Asanbladak lehen aukera hasieratik baztertu zuen, eta bigarrenari heldu zion.
Udala konprometitu zen Elizarekin harremanetan jarri eta zesio baterako aukerak egon zitezkeen edo ez aztertzera, interesgarritzat baitzuen erdiguneko espazio hori kontrol publikora pasatzea. Izan ere, Udal Gobernua legealdi hasieratik, Elizaren beste hainbat ondare bezala (Aizarnako hilerria, Santa Engraziko ermita, auzoetako higiezinak...), Elizondo antzoki zaharra ere jabetza publikora pasatzeko ahaleginetan aritu izan da.
Jabetza arazoa gutxi ez, eta udal bulego teknikoak horrela adierazita, Elizondoko eraikinean hainbat jarduera baimentzeko bolumen handiko inbertsio ekonomikoa egin beharko litzateke, dituen hainbat hirigintza ezaugarri gaur egungo gaztetxeak dituenak baino okerragoak direlako. Izan ere, erabilera publiko batek eraikina gaur egungo legeetara egokitzea eskatuko luke, egungo gaztetxeak betetzen ez dituen hainbat baldintza betearaziz (irisgarritasuna, zarata eta suteen aurkako legediak, esaterako).
Nolanahi ere, Gotzaindegiarekin egindako lehen bileran, honek garbi adierazi zuen eremu horretan etxebizitzak eraikitzeko nahia, kanpandorreko obrek utzitako zorra kitatze aldera. Bilera horretan, dirutzarik eskaini ezean zereginik ez zegoela erantzun zuen Elizak. Hori dela eta, harrigarria egiten zaigu Elizarekin negoziatzen hasi arren eskaera garbirik ez zela izan adieraztea artikuluan; izan ere, horretan ari zen udala. Bigarrenez, herrian Elizak dituen beste higiezinen egoera urbanistikoak baliatuz antzoki zaharra jabetza publikora pasatzeko ahaleginetan, Zestoako Gazte Asanbladak espazioa okupatu duen arte, eta gaur da eguna Gipuzkoako Elizbarrutiak eskaintza formal bat mahai gainean daukana.
Elizaren atzean ezkutatzea leporatzen zaigu, ezer egiteko aukerarik ez bagenu gisa jokatzea, baliabide guztiak ez erabili izana; zer da baliabide guztiak erabiltzea, altxortegi publikotik prezio espekulatuan sekulako dirutza ordaintzea Elizari?
Ez dakigu Elizarekin izandako harremanek zertan bukatuko zuten; akordiora iritsi eta zesioa lortuko zen edo ez. Dena den, ez dugu jakingo, momentuz behintzat, Gipuzkoako Elizbarrutiak aurrez aipatutako negoziaketa guztiak bertan behera utzi baititu. "Gehiegi tenkatzen den soka hautsi egiten da", dio esaera zaharrak.