"Gaztetxearen auziari soluzioa orain" emateko eskatu diete Udal Gobernuari eta Elizari Zestoan

Mailo Oiarzabal 2023ko martxoaren 4a

Manifestazio jendetsuarekin itxi dute Gaztetxea Zentrora elkartasun eguna. Gazte Asanbladarentzat, bi erakundeak dira "arazo honen erantzule".

Udal Gobernuari eta Elizari "egoera desblokeatu eta gaztetxearen auziari soluzioa orain emateko deia" egin die beste behin Zestoako Gazte Asanbladak (ZGA) gaur, Gaztetxea Zentrora elkartasun eguna ixteko egin duten manifestazio jendetsuaren amaieran. Bi aste daramatzate asanbladako kideek Elizondo eraikinean, Zentroan, gaztetxea hara lekualdatzeko beren eskaerari entzungor egiten ari zaizkielakoan; otsailaren 22an Ertzaintzak sei lagun identifikatu zituen Zentroan, eta Gotzaindegiak asanbladako kideen kontra salaketa jarri duela jakinarazi zuen ZGAk otsailaren 27an.

Zentrotik "berehala kanporatzeko arriskua" dutela eta, herritarren eta eragileen babesa eskatu du ZGAk aurreko egunetan, eta eskaera horri erantzuna eman diote, besteak beste, gaurko elkartasun eguna babestu duten Azkoitiko Gazte Asanbladak, Azpeitiko Gaztetxeak, Azpeitiko Esklabak eta Zumaiako Etxape zentro sozialistek, Argizulo elkarteak eta Zarauzko Danda gazte asanbladak. 200 bat lagunek parte hartu dute arratsaldeko mobilizazioan

Gazte Asanbladarentzat, Udal Gobernua eta Eliza (eraikinaren jabea) dira "arazo honen erantzule", eta haiei zuzendu dizkiete aldarrikapenak manifestazioaren bukaeran, jasotzen ari diren babesa eskertu aurretik eta Zentroa "herrian egun dauden beharrei erantzuteko espazio aproposa" dela azpimarratu aurretik. "Argi daukagu Zestoari merezi duen gaztetxea eman arte ez dugula amore emango", dio ZGAk.

Adierazpena

Hau da, osorik, gaurko manifestazioaren bukaeran Zestoako Gazte Asanbladaren izenean irakurri duten adierazpena:

"Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkizuegu prozesuan zehar babesa eman diguzuen denoi eta gaur mobilizaziora batu zaretenoi. Hiru urte dira, Udal Gobernuko alkateak gaztetxea lekualdatzeko ideia aipatu zigunetik, hiru urte, Zestoako Gazte Asanbladaren jarduna proiektu honetara mugatu zenetik. Hasieratik, alkateak proposatutako aldaketak asanbladan ilusio asko piztu zuen; izan ere, oraingo gaztetxea irisgarria ez izateaz gain, kontzertuak egiteko muga asko ditu: leku oso garaian dago, ez du intsonorizaziorik… eta horri, herriko alderdi politikoek Kultur Etxearekiko dituzten etorkizunerako proiektuetan gaztetxea inondik inora bertan ez dela kokatzen gehitu behar zaio; alegia, Zestoak ez du epe luzera gaztetxerik bermatuta.

Egoera hori izanik, asanbladatik lan handia egin dugu egoera egokietan aurkitzen den espazio bat lortzeko, baina bitarte honetan, Elizak eta Udal Gobernuak oztopoak besterik ez dizkigute jarri. Horren adibide dira negoziaketa aurrera eramateko hiruko mahaia osatzeko urteak pasatu beharra, eta proiektua aurkeztu genuen momentutik interes gutxi jarri izana. Jarrera pasibo horren ondorioz, negozkiaketak aurrera eramateko eta behin betiko soluzio bat lortzeko pausoren bat ematera behartuta ikusi ginen, zehazki, Zentroa birjabetzera.

Zentroan sartu ginenean, eraikina oso egoera txarrean aurkitu genuen eta, beraz, lehenengo momentutik hura egokitzeko lanetan hasi ginen. Hala ere, lehenik eta behin espazioa bermatu behar genuela ikusi genuen eta, beraz, Elizarekin zein Udal Gobernuarekin harremanetan jarri ginen. Alkateak hitz politak eta gaztetxe berria bermatzeko bere konpromisoa adierazi zigun arren, Gotzaindegiarekin berehala harremanetan jarri ez zenez, Gotzaindegiak harremana moztu eta negoziaketak blokeatu zituen. Egoera guztiz zaildu den honetan, asanbladatik guztiz salatu nahi dugu bi instituzio horien jarrera. Batetik, Gotzaindegiaren erantzun bakarra bide judiziala hartu eta horrenbeste predikatzen duen bakearen ordez, biolentzia polizialaren bidez lokalaren desalojoa eskatzea izan delako. Eta bestetik, Udal Gobernuak, Elizaren blokeoaren atzean jarrera pasiboa erakutsiz eta asanbladari gero eta jaramon gutxiago eginez, egoeraren blokeoa betikotu duelako.

Horrez gain, lotsagarria iruditzen zaigu herriko alderdi politiko instituzionalen jarrera (EH Bildu, EAJ), zeinak herrian gaztetxearekin dagoen arazoaren aurrean ezikusiarena egin eta honen gaineko postura publikorik agertu gabe hauteskundeei begira soilik jarraitzen duten. Egun hauetan, herrian sei gazte izan dira identifikatuak, indarkeria polizial bortitza jasan dute, eta prozesu judizial bat ireki zaigunez, gaztetxe berria desalojo arriskuan dago. Beraz, Zestoako Gazte Asanbladatik, Udal Gobernuari zein Elizari egoera desblokeatu eta gaztetxearen auziari soluzioa orain emateko deia egin nahi diegu, biak baitira arazo honen erantzule.

Asanbladatik argi daukagu Zestoari merezi duen gaztetxea eman arte ez dugula amore emango. Zentroa herrian egun dauden beharrei erantzuteko espazio aproposa dela ukaezina da eta, era berean, Zestoako kultura aberastuko duena; alde batetik, eragile ezberdinek beraien jarduna oztoporik gabe gauzatu ahal izango dutelako; eta bestetik, beheko aretoak herriko musika, antzerki zein bestelako kultur taldeentzat aukera paregabeak eskaintzen dituelako.

Gaztetxea Zentrora!".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide