Leyre Cano psikopedagogoak Haur eta nerabeen emozioen bidelagun: nola zaindu seme-alaben emozioak hitzaldia eskainiko du astelehenean, hilaren 6an, Aizarnan. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako TREBA Gurasoak egitasmoaren barruan eskainiko du solasaldia Canok, Kultur Etxeko ganbaran, eta hark haurren emozioak kudeatzeko eta horiek zaintzeko kontuan izan beharreko gakoak azalduko ditu. Hain zuzen, familiaren osasun emozionala zaintzeko tresnak eskainiko ditu.
Horrez gain, hilaren 20an egitasmoaren barruko beste hitzaldi bat egongo da gurasoei zuzenduta: Internet, pantailak, bideo-jokoak, sare sozialak… Onurak eta gatazkak nola kudeatu hitzaldia eskainiko du Rakel Gamitok, Arroabean.
Asteleheneko hitzaldira joateko, aurrez eman behar da izena, Gaztelekuaren 688 68 40 29 telefono zenbakira whatsapp mezua bidalita. Gaur izango da izena emateko azken eguna. Ezinbestekoa da hamar laguneko taldea osatzea, eta gaztelaniarako aldibereko itzulpen zerbitzua eskainiko dute.