Inoiz ez da berandu, edo gustuko tokian, aldaparik ez. Bi esamolde horiek egoki datorzkio Jesus Odriozolari (Oñati, Gipuzkoa, 1952). Haurra zela ekin baina ia berehala utzi behar izan zuen bidea berreskuratzeko aukera eman zioten Zestoako Musika Bandan duela ia 23 urte, 47 urte zituela, eta hortik segituan egin zuen jauzia Oñatikora, "umetako ametsa" betez. Bietako kide, jaioterriko bandan ohorezko bazkide izendatu berri dute. "Oihartzun handiagoa izan du Zestoa aldean Oñatin baino", dio Errege egunean Oñatiko Bandaren kontzertuan jaso zuen omenaldiaz; izan ere, 70 urte betetzen dituzten bandakide guztiei eskaintzen dietela azaldu du. "Lehen bazkari batean egiten genuen, geure artean, eta duela gutxi kontzerturen baten hasieran egiten hasi gara".
Zestoako medikua izan zen Itziar Larrañagaren senarra da Odriozola. Harekin ezkondu zenean iritsi zen Zestoara, Mediku Etxera, eta gaur egun, Aizarnan bizi da. Oñatin, familiatik datorkion Otxua ezizenarekin ezagutzen dute; Zestoan, berriz, goitizen bat baino gehiago dituela aipatuta, "normalean, ni hemen izan naiz Ixiar medikuaren gizona", zehaztu du. "Zestoan oso ondo bizi den oñatiarra naizela esaten dut nik beti".
Anaia ispilu
"Berandu" hasi zen Odriozola Oñatiko Bandan, baita Zestoakoan ere, nahiz eta bizi den herriko bandan lehenagotik hasi zen, jaioterrikoan baino. Umetan, Oñatiko txarangan ibili zen, baina 11 urterekin Arantzazura (Gipuzkoa) joan zen "fraide", seminariora, eta dena utzi zuen. "Arantzazun pianoa ikasten jarri ninduten, eta nik ez nuen pianorik nahi, nik tronpeta jo nahi nuen orduan. Anaiak tronpeta jotzen zuen".
Anaia Pedro zenak, hamar urte zaharragoa, Oñatiko Bandan jotzen zuen, eta hari zor dizkio Odriozolak, hein handian, musikarekiko eta bandarekiko lilura. "8, 9, edo 10 urte nituela, kontzertuetan eta, beti egoten nintzen haren eserlekuaren ondoan. Nire imajinarioan oso garrantzitsua izan da banda, eta ilusio hori betetzeko aukera izan dut".
Banda konpontzen duena
Bonbardinoa jotzen zuen Odriozolak umetan Oñatiko txarangan, eta bonbardinoa berreskuratu zuen bandako musikari ibilbideari ekiteko. Zestoan bizitzen jarri zenean, hango abesbatzan kantatzen hasi zen. Alejandro Bergara zen koruko eta bandako zuzendaria, eta hark animatuta heldu zion berriro 11 urte zituenean alde batera utzitako bonbardinoari. "'Hik badakik solfeo pixka bat eta, hik ikasiko huke', esaten zidan. Eta horixe behar nuen, animatuko ninduen norbait". Umetakoak ordurako nahiko ahaztuak, bere kabuz hasi zen berriro, etxean, bonbardinoa bereganatzen. "Andrearen meritua agoantatzea", dio irribarrez. Instrumentu bat aukeratu behar dutenentzat, bonbardinoa ez da izaten erakargarriena, baina "oso polita" dela dio Odriozolak. "Gehiegitxo esatea izango da" erantsita, Inaxio Ibarrondo Oñatiko Bandaren zuzendari izandakoaren hitzak aipatu ditu, beste umore ukitu batekin: "Bonbardino on batek banda konpontzen duela esaten zuen Inaxiok. Ez da nire kasua".
Zestoako Bandan hasi zenean jaso zuen Oñatikoaren gonbidapena; ezaguna zuen hango zuzendaria ere, anaia zenaren kuadrillakoa baitzen. "Hara joatera animatu ninduen, eta han ere hasi nintzen. 'Damutuko zaik, orain ez nauk botako', esaten nion", kontatu du, umoretsu, Odriozolak.
Astean bitan entseatzen dute bai Zestoako, bai Oñatiko bandek; eta egun berberetan izaten dituzte, gainera, entseguak. Horrela, entsegu bat Zestoan eta bestea Oñatin egiten ditu, astero, bonbardino jotzaileak. Oñatirako joan-etorriak ez ditu bakarrik egiten; Zestoako Bandan kide duen Javi Manteca ere bi taldeetan aritzen da, eta elkarrekin ibiltzen dira. 21:00etatik 22:30era izaten dituzte entseguak Oñatin, Zestoan baino ordutegi berantiarragoan, baina eguraldi oso txarra ez bada, joan-etorriak ez zaizkio bereziki pisutsuak egiten Odriozolari.
Entsegu egunak alde batera utzita, bi herrien neurriak bezala, Zestoako eta Oñatiko bandak ere desberdinak direla dio Odriozolak, baita urtean zehar batak eta besteak izan ohi dituzten ekitaldiak eta horien kopurua ere. Oñatikoa banda "handiagoa" da, baina Zestoan "gazte gehiago" dabiltza, eta egungo 40 bat kideetatik "denak Zestoakoak edo Zestoan bizi direnak" direla nabarmendu du. "Zestoak badu banda", eta hori bera goraipatzekoa iruditzen zaio Zestoan bizi den oñatiarrari. Zestoan, amabirjinak izaten dira bandaren urteko hitzordu nagusia, baina filmen musikan oinarrituta urtero irudiekin eta Tolosako Arimaz taldeak lagunduta eskaintzen duten kontzertua ere bereziki gogoko du Odriozolak. Oñatin, Zestoan bezala, herriko jaietako emanaldiak bereziak dira bandakideentzat, eta horietan jotzen duten Atzeko kale pasakallea da haren pieza kutuna. "Niretzat, munduko piezarik politena da. Antonino Ibarrondorena da, gure umetako musika irakaslearena. Eta ni Atzeko kalean jaiotakoa naiz". Zestoan, berriz, Amparito Roca pasodoblea eta horren bueltan sortzen den "momentua" dira harentzat berezienak.
Bi bandetan jarraitzen du Odriozolak, eta bietan jarraitzeko asmoz. "Ez naute botatzen, eta... Jende ona da, bietakoa; bestela, aspaldi botako ninduten. Pozik nabil, gustatu egiten zait. Bandakideek ezagutzen dute nire mehatxua: jarraituko dut".
Jubilatuen presidente
Zestoako Bandako kide zaharrena ez ezik, herriko jubilatuen elkarteko presidentea ere bada Odriozola duela hamar urtetik. Urte luzez Donostiako Santo Tomas Lizeoan Historia irakasle aritu ondoren jubilatu berritan sartu zen elkartean, Bixente Etxaburu aurreko presidenteak esanda. "Hark esaten du erantzun niola 'bai, hori ere norbaitek egin beharko dik'".
Zestoako eta Aizarnazabalgo jubilatuek osatzen dute Gurutze elkartea, Odriozolak azpimarratu duenez. Elkarte "txikia" izanik, "lan handia ez" duela ematen dio, baina norbaitek egin behar, hori ere. "Jendearen esker ona" da gehien betetzen duena, aurrera egiteko akuilu onena.