Ikasle gaztetxoek elkarrekin eskolako lanak egiteko eta azterketak errepasatzeko bilgunea jartzeko asmoa sustatu du Zestoako Euskara Foroak: Ikaslekua. Egitasmoaren berri emateko gaur, astelehena, hitzordua jarri dute, 19:00etan, Gaztelekuan.
Ikaslekua aurretik egindako Ikas-jolas eta Elkarrekin ikasiz egitasmoen segida gisa aurkeztu dute bultzatzaileek. Gaztelekuan bilduko dira Ikaslekuan parte hartuko dutenak, Gaztelekua itxita dagoen egunetan; horretarako, egutegi bat zehaztuko dute, eta ikasleek nahi dutenetan bertaratzeko aukera izango dute. Haurrekin batera, ordea, Ikaslekuan helduak ere egongo dira: "DBHko edota unibertsitateko ikasleak, irakaskuntzan aritzen diren edota aritzeko asmoa dutenak edota beren zaletasuna partekatu nahi dutenak. Edozeinek parte har dezake egitasmoan, bai eskolako lanekin laguntzeko edota beren zaletasun bat irakasteko: mahai jolasak...".
Ikaslekuan parte hartzeko interesa dutenek izena emateko edota informazioa eskuratzeko euskaraforoa@gmail.com helbidera idatz dezakete edota udaleko Euskara Sailarekin harremanetan jarri 943-14 70 10 (7. luzapena) telefono zenbakira deituta. Izena ematen duten helduekin egutegi bat osatuko dute Ikaslekuaren antolatzaileek, eta asmoa dute txanda bakoitzean bi heldu egotea. "Heldu bakoitzak erabakiko du zein maiztasunekin egoteko konpromisoa hartu nahi duen", esan dute egitasmoaren sustatzaileek.