Joan zen asteazkenean jakinarazi zuten Zestoako Gazte Asanbladako kideek zenbait lagun Zentroko lokalera sartu zirela aste hasieran. Orduz geroztik askotariko tirabirak eta "jazarpen poliziala" izan ostean, atzo batzar irekia egin zuten Alonderoko aretoan gaztetxe berriaren inguruko zalantzak eta prozesuaren inguruko kezkak argitzeko. Gazte asanbladako kideek hartu zuten hitza, eta herritarrek askotariko galderak egiteko aukera izan zuten. Asanbladako kideak haien "erabakian berresten" direla adierazi zuten, eta prestutasuna dutela eragileekin, bizilagunekin, udalarekin nahiz Elizarekin hitz egiteko. Hain zuzen, udalaerekin harremanetan daude, baina Elizak ez die telefonoa hartzen.
Batzarra egin ostean, auzolana deitu zuten gaur goizerako. Hori horrela, hainbat kide Zentroko lokala garbitzen eta txukuntzen aritu dira. Jakinarazi dute datozen egunetan ere garbiketa lanak egiten eta auzolanean arituko direla.
