Umeen danborradarako karroza egiteko lehiaketa antolatu du Zestoako Udalak

Ihintza Elustondo 2023ko otsailaren 24a

Iazko haurren danborradako karroza. (Anartz Izagirre)

Santa Kutz jaietan, maiatzaren 3an, egingo dute Zestoako haurren danborrada. Han aterako den karroza gauzatzeko lehiaketa zabaldu du udalak, eta martxoaren 10era bitartean aurkez daitezke proiektuak. Lan sarituak 3.000 euroko dirulaguntza jasoko du.

Santa Kutz jaietan, haurren zein helduen danborradak egin ohi dituzte Zestoan, eta dagoeneko hasi da udala jai horietarako prestatzen. Hain zuzen ere, erakundeak jakinarazi du maiatzaren 3an izango dela umeen danborrada eta dagoeneko zabaldu dutela egun horretan aterako den karroza egiteko lehiaketa. Udalak nabarmendu duenez, umeen danborradan aspalditik atera izan da karroza. "Urte askotan, herriko boluntario talde batek egin izan du karroza hori, eta beste urte batzuetan –gutxitan– enpresa espezializatuei enkargatu zaie. Aurtengoan ere, Zestoako Udalaren asmoa da sormenari, ideia eta ikuspegi berritzaile eta freskoei tartea eskaintzea". Horregatik erabaki du erakundeak lehiaketa antolatzea.

Lehiaketaren helburuak dira karroza egiterakoan herriko jendea subjektu aktibo izatea; karrozaren bidez, gai eta ikuspegi anitzak plazaratzea; eta sormenerako gaitasunak dituztenei aukerak ematea. Lehiaketan parte hartzeko eginbeharrak, berriz, honako hauek dira: karrozaren ideia garatzea eta maketa baten bidez diseinatzea. Irabazle suertatuz gero, karroza egin beharko du garaileak, eta horrez gain, karrozak behar dituen pertsonaiez eta haien jantziez eta abarrez arduratu beharko du, eta danborradaren egunerako, karrozaren segurtasunerako behar diren pertsonak lortu beharko ditu.

18 urtetik gorako eta Zestoan bizi den edozein pertsonak parte hartu ahal izango du lehiaketan, banaka edo taldean. Parte hartzaile bakoitzak lan bat baino gehiago aurkeztu ahal izango ditu, baina hori bai, lanek originalak izan beharko dute. Gaia aukeratzerakoan, kontuan izan beharko da karroza umeen danborradarako izango dela eta umeen esparruko gaiek lehentasuna izango dutela. Gaia librea izango da, baina izaera integratzailea izan beharko du: baztertu egingo dira edozein pertsonarekiko edo erakundeekiko konnotazio sexistak, xenofoboak, arrazistak edo ofentsiboak dituzten lanak.

Lanen ezaugarri teknikoak

Karroza proposamena 1:10 eskalako maketa bidez aurkeztu beharko da. Maketarekin batera, memoria bat aurkeztu beharko da, eta bertan ondo zehaztuko dira koloreak, materialak eta abar. Karrozak Idatzizko zerbait badarama, euskara hutsean izan beharko du. Karrozaren euskarriaren (gurdia) neurriak hauek dira: zorua: 4,40 m x 2,30 m. Era berean, gurdiak atzeko partean pareta izaten du: zabalean 1,84 m, altuera 1,53 m.

Lanak zuzenean aurkeztu ahal izango dira, honako helbidean: Zestoako Udala. Foru plaza 1 – 20740 Zestoa (Gipuzkoa). Harremanetarako telefonoa, berriz, honako hau da: 943-14 70 10. Lanak aurkezteko epea martxoaren 10ean, ostirala, 14:00etan, amaituko da.

Lan sarituak 3.000 euroko dirulaguntza jasoko du, karroza egiteko materiala eta bestelakoak barne.

Lehiaketaren inguruko xehetasun guztiak txosten honetan ikus daitezke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide