Zestoako Argiola energia kooperatiba, martxan

Maialen Etxaniz 2023ko otsailaren 24a

Zestoako Argiola energia berriztagarrien kooperatiba aurkeztu dute. Atzo egin zuten aurkezpen ekitaldia Kultur Etxean, herritar ugariren aurrean. Argiolaren eratze prozesuaz eta aurrera begirako erronkez aritu ziren. Era berean, esku artean dituzten energia sorkuntzarako proiektuen xehetasunak partekatu zituzten batzarrera bertaratutakoekin. Gaur gaurkoz, Arroako, Aizarnako eta Zestoako herriguneetako teilatuen ebaluazioa egina dute. Bazkidetza kanpaina ere martxan da. 

Aurkeztu dute Zestoako Argiola energia berriztagarrien kooperatiba. Atzo, ostegunez, egin zuten proiektuaren aurkezpena jendaurrean, herriko Kultur Etxean. Adin guztietako herritarrak bertaratu ziren saiora. Hainbat zestoarren ekimenez eta Goiener kooperatibaren laguntzaz sortu dute Argiola. Manuel Arregi, Iñaki Odriozola eta Aitana Etxeberria zestoarrak dira Argiolako bazkide sortzaileetako hiru, eta haiek eman zituzten egitasmoaren inguruko xehetasunak.

Hiru zatitan banatu zuten aurkezpen saioa. Aurrena, Argiolaren sorrera testuinguratu zuten, eta kooperatibaren helburuetan sakondu. Ondoren, orain arte egin dituzten lanak eta esku artean dituzten proiektuak aletu zituzten. Amaitzeko, arlo juridikoari dagozkion xehetasunak azaldu eta bazkidetza kanpainaren inguruko jakingarriak eman zizkieten bertaratutakoei; izan ere, dagoeneko martxan dago bazkidetza kanpaina. 

Kooperatiba "autonomoa"

Etxeberriak nabarmendu zuen Argiola kooperatiba "autonomoa" dela Goienerrekiko nahiz Zestoako Udalarekiko, eta "autogestioaren garrantzia" azpimarratu zuen. Goienerrek lagundu die zestoarrei Argiola sortzen, baina ez du eskuhartzerik izango kooperatiban; izan ere, Goienerrek tokian tokiko energia kooperatibak sortzeko bidelagun eta aholkularitza lanak egiten ditu.

Argiola kooperatiba autonomoa da Goienerrekiko nahiz Zestoako Udalarekiko

Kooperatibako kideen hitzetan, honako hauek dira Argiolaren helburu orokorrak: "Energiaren inguruko kontzientziazioan eta ahalduntzean sakontzea, eraginkortasun energetikoa eta mugikortasun jasangarria bermatzea, energia kontsumoa murriztea, energiaren auziari soluzio teknologiko eta soziopolitikoak aurkitzea eta burujabetza energetikoa lortzea". Etxeberriak aipatu zuen komunitate energetikoena "eredu aproposa" dela "energia sistema erresilienteagoa eta bidezgoakoa" eraikitzeko. Hiru arrazoi eman zituen: "Pobrezia energetikoa saihesten dute, autogestioa bermatzen dute eta tokiko ingurumena, gizartea eta ekonomia sustatzen dute etekin ekonomikoen aurretik". Hori dela eta, Argiolakoen aburuz, "behetik goranzkoan" sortutako komunitate energetikoak "beharrezkoak" izango dira trantsizio energetikoa bermatzeko. Hala ere, aldaketak "egiturazkoa" izan behar duela azpimarratu zuen Etxeberriak. 

Autokontsumo kolektiborako proiektuak

Joan zen urtean ekin zioten Argiola sortzeari, eta taldearen funtzionamendua aurrera eramateko hiru azpi-lantaldetan antolatzen dira: proiektuen taldea, talde juridikoa eta komunikazio lantaldea. Proiektuen lantaldeko kidea da Iñaki Odriozola, eta hark aletu zituen azken urtebetean egin dituzten lanak eta gaur egun esku artean dituzten proiektuak. 

Energia sorkuntzan jarri dute arreta Argiolakoek, eta hori izan dute lanerako abiapuntu. Gainera, aukeratu duten eredua "autokontsumo kolektiboaren aldekoa" da. Hain zuzen, bitartekaririk izango ez duen eredua da hori. Etxeberriak eman zituen azalpenak: "Inguruko beste herrietan ez bezala, guk autokontsumo kolektiboaren aldeko apustua egin dugu, efizienteagoa delakoan. Plaka fotoboltaikoak izango dira energia sortzaileak, eta horiek sortutako energia ez dugu sarera bideratuko, gure kontsumo kolektiborako izango da. Energia sarera bideratzea merkaturatzea bezala da, eta bitartekariak sartzen dira tratuan. Autokontsumo ereduan, aldiz, gu gara energia horren jabe eta gure ardura da hori autogestionatzea". Autokontsumotik harago, proiektua "kolektiboa" izateak askotariko onurak dituela azaldu zuen Odriozolak: "Plaka fotoboltaikoen instalazioa merkeagoa izango da familia askoren artean egiten badugu. Gainera, kolektiboa izaterakoan errazagoa izango da herriko edo herritarren kontsumo patroia zehaztea, eta energia soberakinak gutxitzea". Kontsumo patroiekin kontsumo ohitura desberdinak dituzten herritar, enpresa edo erakundeen joerak azter daitezke. Besteak beste, kontsumitzaileek zenbat energia erabiltzen duten, zenbat energia sortzen duten eta zenbat energia erabili ez duten jakin daiteke.

Plaken instalazio egiten  den lekutik bi kilometroko erradioaren kokatzen diren etxebizitzetako eta komertzioetako bizilagunek zein arduradunek izango dute proiektuan parte hartzeko aukera

Urtebeteko epean biltzen eta ikertzen aritu dira Argiolakoak, eta dagoeneko egina dute Arroako, Aizarnako eta Zestoako herriguneetako teilatuen ebaluazioa, ondoren horietan plaka fotoboltaikoak jarri ahal izateko. Odriozolak jakinarazi zuenez, Zestoako Udalaren baimenarekin eta Goienerren laguntzarekin egin dute azterketa, eta dagoeneko badituzte ondorioak. Zestoako kiroldegiko teilatua zen Argiolakoen lehen aukera, baina obrak tarteko leku hori baztertu egin dute, behin-behinean, hango lanak amaitu arte. Arroako eskolako teilatua eta Aizarnako pilotalekua dira beste bi aukerak. Plaken instalazio egiten  den lekutik bi kilometroko erradioaren kokatzen diren etxebizitzetako eta komertzioetako bizilagunek zein arduradunek izango dute proiektuan parte hartzeko aukera. Aizarnan eta Arroan aurrez egin zituzten aurkezpen saioak, eta dagoeneko jaso dituzte hango bizilagunen fakturak, kontsumo ohiturak aztertzeko.

Bazkide kanpaina, martxan

Proiektuen inguruko xehetasunak herritarren partekatu ostean, Manuel Arregik kooperatibaren jakingarri teknikoak azaldu zituen. Gaur egun kooperatiba legez zer egoeratan dagoen eta egin dituzten izapide burokratikoak aletu zituen. Finean, elkartea sortzeko sozietate mota bat aukeratu behar izan zutela aipatu zuen Argiolakoak, eta aukera desberdinak aztertu ostean, kooperatibaren aldeko apustua egitea erabaki zutela kontatu zuen. Modu horretan, Argiola irabazi asmorik gabeko kooperatiba sozietatea izango dela zehaztu zuen. Hamabost herritar sustatzaile daude taldean, eta horien izenak ere plazaratu zituen atzokoan. 

Bazkide egin nahi dutenek hamar euroko ekarpena besterik ez dute egin beharko.

Oraingo erronka "ahalik eta bazkide gehien biltzea" dela aipatu zuen Arregik. Horretarako bazkidetza kanpaina abiatu dute, eta irekita dago jada. Bazkide egin nahi dutenek hamar euroko ekarpena besterik ez dute egin beharko. Honako lotura honetan egin daiteke izen-ematea. Atzoko saioa amaitzean ere ugari izan ziren izen-emate orriak bete zituzten herritarrak. 

Arregik azaldu zuen bazkide mota desberdinak egongo direla: bazkide kontsumitzaileak –herritarrak–, erakunde publikoak eta pribatuak. Bazkide kontsumitzaileek izango dute kooperatiban erabakimen handiena, %60, eta erakundeerik balego, haiek %40. 

Bazkideen kapitala eta proiektuak garatzeko diru-laguntza desberdindu zituen Arregik, argipenak emate aldera. Hau da, aipatu zuen bazkideen 10 euroko ekarpena kooperatibarentzat dela, baina ez proiektuak garatzeko. Energia kooperatibak sustatzeko eta proiektuak garatzeko erakundeek, "Europak, Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak", diru-laguntza "garrantzitsuak" eskaintzen dituztela aipatu zuen Argiolakoak, eta horien inguruan informazioa badutela azpimarratu zuen. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide