Zestoako Gaztetxearen lekualdatzeari buruz deitutako batzarra bertan behera utzi du Udal Gobernuak

Aitziber Arzallus - Julene Frantzesena 2023ko otsailaren 24a

Pankarta bat, Zentroko lokaletik zintzilik. (Aitziber Arzallus)

Zestoako Gazte Asanbladako hainbat kidek egun batzuk daramatzate Zentroko lokalean sartuta. Horrek sor ditzakeen kezkak eta galderak argitzeko, batzar irekia antolatu du asanbladak gaurko; Alonderoko aretoan izango da bilkura, 19:00etan.

Zestoako Gazte Asanbladako hainbat kidek egun batzuk daramatzate Zentroko lokalean sartuta. Azken egunotan horren harira izan diren gertaeren aurrean, Udal Gobernuak jakinarazi du bertan behera uztea erabaki duela Gaztetxeari buruz datorren astearterako, hilak 28, antolatuta zeukan batzar irekia. 

Gazte Asanbladako kideek salatu dute asteazken gauean ertzainak bertaratu zirela eta sei lagun identifikatu zituztela. Zestoako Gazte Asanbladak Twitterren eskegitako bideo batean jakinarazi duenez, "asanbladako kide bati bortizki heldu eta objektu pertsonalak kendu dizkiote, eta horren aurrean, hainbat kide gerturatu eta ertzainek horiek identifikatu dituzte". Ertzaintzak "jarrera oso bortitza" izan zuela salatu dute, eta gazteak beldurtzeko "hainbat estrategia" erabili zituela. "Minutu batzuetara, Zentro barruan zeuden gazteei handik irteteko eskatu diete, hala egin ezean asanbladako kide bat eramango zutela mehatxatuz. Hala ere, ezezkoa eman dutenean, ertzainak joan egin dira herritik", azaldu dute. Asanbladako kideek jasan duten "indarkeria poliziala" gogor salatu dute, eta "behin betiko soluzioa eman arte borrokan" jarraituko dutela berretsi dute.

Urtebete baino gehiago da Gazte Asanblada Gaztetxea Zentrora lekualdatzea eskatzen ari dela. Udal Gobernuarekin eta Elizarekin hiruko mahaia osatuta du asanbladak, baina gazteek salatu dutenez, prozesuaren amaiera mugagabeki luzatzen ari da. Horregatik sartu dira Zentrora. 

Batzar irekia, gaur

Gainera, Zentrora sartu izanak sor ditzakeen kezkak eta galderak argitzeko, batzar irekia antolatu du asanbladak gaurko; Alonderoko aretoan izango da bilkura, 19:00etan.

Zentroan sartu izana arrazoitzeko, Gazte Asanbladak oharra zabaldu du aste honetan: "Gaztetxearen arazoari behin betiko soluzioa emateko negoziaketak ahalik eta azkarren aurrera eramango diren bermeen beharra dugu. Hori dela eta, aurrera eramaten ari garen presio mekanismo hau arazoa konpontzeko agente ezberdinak mugiarazteko ekintza gisa ulertzea nahiko genuke", azaldu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide