Maite Peña Gizarte Gaietarako foru diputatua Zestoan izan zen atzo arratsaldean, Zestoako EAJk gonbidatuta. Herriko adinekoen bi egoitzak bisitatu zituen lehendabizi Peñak, Gisasola aurrena eta San Juan gero, eta ondoren egungo zaintza sistemaren eta etorkizunerako proiektuen gaineko hitzaldia eskaini zuen Alonderoko aretoan.
Hain zuzen ere, eta aurrez iragarri moduan, hitzaldiaren atarian protesta egin zuten LAB sindikatuko kideek eta zaintza sektoreko zenbait langilek, Zaintza ez da negozioa. Ratio duinak, zaintza duina zioen pankartaren atzean. Hitzaldiaren "izaera elektoralista eta gezurtia" salatu nahi izan zuten LABekoek, eta EAJri zein Gipuzkoako Foru Aldundiari zuzendu zizkieten kritikak. "EAJren hitz politen atzean, zerbitzu publikoen pribatizazio eredua, lan baldintzen prekarizazio prozesua eta zaintzaren negozioa ezkutatzen" dira, LABen esanetan. Sindikatuarentzat, "onartezina" da Aldundiak "diru publikoz finantzatutako zerbitzu publikoen pribatizazioaren bitartez enpresen interes ekonomikoak lehenestea, kalitatezko zaintza sistema publiko, doako eta komunitarioa lehenetsi beharrean".