'Bizitzaren bukaerako kontzeptuak argituz' hitzaldia eskainiko du Eguzki Iraolagoitiak Zestoan

Ane Olaizola 2023ko otsailaren 22a

Zestoa Osasuntsu egitasmoaren barruan antolatu du hango udalak solasaldia. Euskaraz eta gaztelaniaz saio bana eskainiko du hizlariak, hilaren 28an eta martxoaren 2an, hurrenez hurren.

Zestoa Osasuntsu egitasmoaren barruan, Bizitzaren bukaerako kontzeptuak argituz hitzaldia antolatu du Zestoako Udalak datozen egunetarako. Hain zuzen, Eguzki Iraolagoitia zestoarrak euskaraz zein gaztelaniaz solasaldi bana eskainiko du: otsailaren 28an, asteartez, izango da euskarazko saioa, eta martxoaren 2an, ostegunez, gaztelaniazkoa. Bi saioak 17:00etatik 18:30era artean izango dira, Alonderon.

Hitzaldian, heriotzaren aurreko kontzeptuak argitzen saiatuko da hizlaria, eta une horren aurrean, norbanakoak zein aukera eta eskubide dituen azalduko du hark, zaintzarekin zein tratamenduen intentsitateen inguruan: gaixotasun aurreratua, terminala, zaintza aringarriak, sedazioa edota eutanasia. horrez gain, Aurretiazko Borondateen Dokumentua ere izango du hizpide.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide