Mari Jose Telleria Kultura diputatua eta bere lantaldea Mikel Arregi alkatearekin eta herriko kultur arloko beste zenbait ordezkarirekin elkartu ziren herenegun Zestoako udaletxean. Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko elkarlanetik abiatuta Zestoako kultur eta historia ondareari lotuta abian diren egitasmoak eta proiektuak izan zituzten hizpide bileran.
"Gipuzkoako eta Euskal Herriko ondare prehistorikorik aberatsenetakoa dagoen herrian bizi gara eta daukagun ondarea balioesteko bi erakundeen arteko elkarlana ezinbestekoa da", adierazi zuen Arregik batzarrean. Zestoako alkatearen ustez, "Ekain kobaren erreplikaz gain, Lili jauregia kultur erabilpenerako baliatzeak eta Irikaitz Denbora Lerroa proiektuaren gauzatzeak, Zestoa eta Urola Erdia Euskal Herriko mapan kokatzen lagun dezake", eta "ahalegin horretan eskertzekoa" da Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza. Ildo beretik hitz egin duen Telleriak: "Zestoako kultura eta historiaurreko ondareak balio handia du lurraldearentzat. Udalarekin sintonia beti izan da ona, eta Kultura departamentuak Ekainberri eta Lili jauregien erreplikaren esperientzia hobetzen jarraitu nahi du".
Hain zuzen ere, herenegungo bileraren ondoren, udalak aurreratu du hil honen amaieran berriro elkartuko direla bi erakundeetako ordezkariak, "elkarlanaren nondik norakoak zehazten jarraitzeko".