Zestoako EAJk Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendari Iñigo Ansolari Osinbeltz "biziberritzeko" proiektuaren berri eman izanak soka eragin du herrian. Eusko Legebiltzarrera ere iritsi da datozen udal hauteskundeetarako Zestoako EAJren hautagai eta egungo oposizio buru Garikoitz Mendizabalek Ansolarekin batera urtarrilaren 27an egin zuten agerraldiaren oihartzuna. Izan ere, EH Bildu koalizioak Eusko Jaurlaritzari zuzendutako eta ekitaldi hari lotutako hainbat galdera erregistratu ditu Legebiltzarrean.
EH Bilduk azpimarratu du Ansolak Zestoako EAJk antolatutako "hauteskunde aurreko ekitaldi batean" parte hartu zuela "EEEko zuzendari gisa". "Prentsan iragarri zen ekitaldi horretan, udal-oposizioan dagoen Zestoako EAJren hautagaiak energiaren inguruko proiektu bat aurkeztu zion EEEko zuzendariari. Prentsan argazki bat ere zabaldu zen, proiektu horren kokapenean bertan, zeinetan EAJren hautagaiak EEEko zuzendariari proiektuaren berri eman zion, Zestoako EAJko alkate ohi batekin batera, ekitaldirako espresuki prestatutako atril eta panel baten aurrean". Era berean, koalizioak gogoratu du Ansolak "begi onez" hartu zuela proposamena, eta "konpromisoa" hartu zuela proiektuaren bideragarritasun teknikoa zein ekonomikoa aztertzeko, baita "ahalik eta erantzun azkarrena" emateko ere.
Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari honako galdera hauek egin dizkio koalizioak, idatziz:
- Jaurlaritzaren arabera, ondo jokatu al zuen Energiaren Euskal Erakundeko zuzendariak, Zestoan, urtarrilaren 27an, bertako EAJren ekitaldi aurre-elektoral batean parte hartuz? Erantzuna baiezkoa izanez gero, zergatik? Erantzuna ezezkoa izanez gero, zergatik, eta ondorioz, zer egingo du Jaurlaritzak?
- Energiaren Euskal Erakundeko zuzendaria prest al dago udal-oposizioan dauden alderdi guztien energia-proiektuen bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa aztertzeko, baita "ahalik eta erantzun azkarrena" emateko ere? Eta haien hautagai nagusiarekin zein energia-proiektuekin hedabideetarako argazki bat ateratzeko? Zergatik?
- Eta Jaurlaritzako beste edozein saileko edota erakundeko zuzendariak? Prest al daude udal-oposizioan dauden alderdi guztien proiektuen bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa aztertzeko, baita "ahalik eta erantzun azkarrena" emateko ere? Eta haien hautagai nagusiarekin zein proiektuekin hedabideetarako argazki bat ateratzeko? Zergatik?
- Jaurlaritzak zer egingo du bere menpeko sailetako eta erakundeetako baliabide pertsonal eta ekonomikoak ez daitezen berriz ere elektoralki erabiliak izan?
Ekitaldi horren harira, Zestoako Udal Gobernuak urtarrilaren 30ean aurreratu zuen "udal gisa EEEri kexa formala" adieraziko ziola.