Gaztetxea lekualdatzea eskatzeko elkarretaratzea deitu du Gazte Asanbladak

Julene Frantzesena 2023ko otsailaren 14a

Zestoako Zentroaren etxaurrea.

Larunbatean, 14:00etan egingo dute protesta plazan, "lekualdatzearen proiektuak herrian duen babesa beste behin erakusteko". Asanbladako kideek joan zen astean egin zuten agerraldiaren xedea udalbatzako kideek hilaren hasieran egin zuen udalbatzarrean egindako adierazpenei erantzutea zela adierazi du. Era berean, udalak erantzuna emateko izan duen modua ez duela ulertzen salatu du asanbladak.

Gaztetxea Zentrora lekualdatzea eskatzeko elkarretaratzea deitu du Zestoako Gazte Asanbladak larunbaterako. 14:00etan egingo dute protesta plazan, "lekualdatzearen proiektuak herrian duen babesa beste behin erakusteko", eta herritarrei kontzentrazioan parte hartzeko deia luzatu die talde eragileak. Izan ere, asanbladako kideen arabera, "proiektuaren aldeko presiorik gabe" ez baita pausorik emango.

Asanbladak oharra kaleratu du deialdia egiteko, eta era berean, asanbladako kideek joan zen astean egin zuten agerraldiaren xedea udalbatzako kideek hilaren hasieran egin zuen udalbatzarrean egindako adierazpenei erantzutea zela adierazi du. Udaleko oposizioko –EAJk– ordezkariek Gaztetxearen proiektuan duen erabakimenaz egindako adierazpenek "zur eta lur" utzi zituen asanbladako kideak. Hala adierazi dute: "Denbora honetan guztian udalak eginiko adierazpen publiko bakarra lekualdatzeari babesa erakutsi beharrean, hori zalantzan jartzearen norabidean joateak ezustean harrapatu gintuen". Horregatik, publikoki erantzutea "behar-beharrezkoa eta zilegia" dela uste du asanbladak.

Udalak erantzuna emateko izan duen modua ez du ulertzen asanbladak. "Are gutxiago azken idatzian Zentroko espazioa Gaztetxea izatea zalantzan jarri izana, horrek zentzurik gabe uzten baitu orain arte izan dugun harremana". Dena den, asanbladak proiektuaren alde "borrokan" jarraituko duela adierazi du, gaiak duen "urgentzia" kontuan harturik. Halaber, udalari proiektuaren gaineko "konpromiso erreala hartzeko eta negoziazio prozesuarekin jarraitzeko" eskatu dio taldeak. "Zestoak Gaztetxea behar du, eta horrek bermatuta izan behar du agintaldia bukatu aurretik", erantsi dute asanbladako kideek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide