Euskal Pilota Egokituko Gipuzkoako XIII. Txapelketaren hirugarren jardunaldiko partidak jokatu dituzte gaur, larunbata, Zestoako Gurutzeaga pilotalekuan. Bi modalitatetan ari dira jokatzen txapelketa; batetik, teniseko paletan ari dira lehiatzen adimen urritasuna duten pilotariak; bestetik, gomazko paletan, gurpil aulkian jokatzen dutenak. Zestoako jardunaldian teniseko paletako txapelketaren partidak soilik jokatu dituzte, buruz burukoak.
10:00etan hasita, goiz osoan zehar hainbat partida jokatu dituzte kiroldegiko pilotalekuan. Lehian aritu direnen artean izan da Jurdan Arakistain zestoarra, eta haren aldeko pankarta ikus zitekeen gaurkoan frontoian. Dena den, ezin izan ditu gaur jokatutako neurketak irabazi Arakistainek; lehen partidan, Iraitz Huegunen aurka lehiatu da, eta 15 eta 7 galdu du. Bigarren neurketan, berriz, Joseba Altuna izan du parez pare, eta haren aurka ere 15 eta 7 galdu du.
Hona hemen gaurko partidetako emaitzak:
- Luis Zulaika 12 - Alvaro Valor 3
- Hodei Asteasu 12 - Xabier Villar 6
- Iraitz Huegun 15 - Jurdan Arakistain 7
- Luis Zulaika 12 - Hodei Asteasu 4
- Xabier Villar 12 - Alvaro Valor 2
- Joseba Altuna 9 - Iraitz Huegun 15
- Luis Zulaika 12 - Xabier Villar 4
- Jurdan Arakistain 7 - Joseba Altuna 15
- Alvaro Valor 1 - Hodei Asteasu 12
Otsailaren 25ean Araman laugarren jardunaldia jokatu ondoren, martxoaren 18an izango dira adimen urritasuna dutenen buruz buruko teniseko paleta txapelketaren finalak Tolosan, Beotibar pilotalekuan.