Ikasteko espazio berria lortu dutela jakinarazi du Zestoako GKSk

Maialen Etxaniz 2023ko otsailaren 10a

Duela bi hilabete abiatu zuen Zestoako GKSk herrian ikasgela berria eskuratzeko borroka. Herritarrekin zein Zestoako Udalarekin hainbat batzar egin ostean, espazio berria eskuratu dutela jakinarazi dute GKSko kideek. Koordinadorako kideek azaldu dutenez, erakundeak ezin du berehalakoan espazio berria ireki, baina "etorkizunean" ikasgela haurtzaindegi ondoan kokatuko dela aurreratu dute. 

Gazte Koordinadora Sozialistako Zestoako kideek ohar bidez jakinarazi dutenez, duela bi hilabete inguru hasitako borrokaren ondorioz, ikasteko eremu berria lortu dute herrian. "Badira bi hilabete ikasgela baten beharra identifikatu genuenetik, eta adierazi nahi dugu herriko gazteok antolatuz arazo hau konpontzera bidean pauso garrantzitsua eman dugula", adierazi dute. 

Zestoako liburutegiak ikasteko "baldintza duinak" bermatzen ez dituela iritzita, "arazoari aterabidea emateko" borroka prozesua abiatu zuen GKSk. Hain zuzen, "formakuntzarako kalitatezko espazioa" lortzea zen koordinadorako kideen helburua. Ohar bidez jakinarazi dute espazioa eskuratu dutela, Zestoako Udalarekin nahiz herritarrekin "hiruzpalau" batzar egin ostean. "Batzarretan pertsona ugari elkartu gara, eta espazioak bete beharreko baldintzak zehaztu ditugu bilkura horietan. Kontuan izanda lehenagotik gai honen inguruko herritarren kexak erantzun gabe gelditu direla, gazteon antolakuntzaren garaipen gisa ulertzen dugu lortutakoa", adierazi du GKSk ohar bidez. Ikasgelak bete beharreko baldintza horien berri eman zion GKSk udalari: "30 pertsonako aforoa, baliabide teknologikoak eta isiltasuna bermatuko dituen espazio txukun eta eroso bat eskatu genuen". Jakinarazi dutenez, baldintza horiek beteko ditu ikasgela berriak. 

GKSko kideek azaldu dutenaren arabera, ikasgela berria 2023an zehar irekiko dela adierazi die udalak: "Zestoako Udalak ikasgela 2023an irekitzeko hitza eman eta borondatea azaldu du, orain egitea ezinezkoa dela argudiatuz. Etorkizunean, ikasgela haurtzaindegi ondoko lokalean kokatuko litzateke, eta eskatutako baldintzak beteko lituzke". Bitartean, beste lokal bat erabilgarri egongo dela adierazi du Zestoako GKSk: "Dantza taldeak erabiltzen duen lokalari itsatsita dagoen gela egongo da erabilgarri. Ahal den azkarren jakinaraziko dugu noiz egongo den eragilbarri".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide