Zestoan gaztetxea Elizondo antzoki zaharrera leku aldatzearen aldarrikapena dela eta, astelehenean Gazte Asanbladak agerraldia egin zuen, eta "Udal Gobernuaren borondate eza" salatu zuen, besteak beste. Orain, Zestoako Udal Gobernuak eraikinaren jabetzaz hainbat kontu azaldu ditu, baita asanbladak esandakoei erantzun ere. Horrez gainera, gaiaz hitz egiteko eta "argitu beharrekoak argitzeko" bilera irekia deitu du otsailaren 28rako (asteartea), 19:00etan, Alonderon.
Zestoako Udal Gobernuak azaldu du EH Bilduk programan agintaldiaren hasieratik jasota duela Elizondo antzokia jabetza publikora pasatzeko egitasmoa, herriko jarduera soziokulturalerako. "Dena dela, Elizondoko antzoki zaharraren jabetza osoa elizarena dela ez da ahaztu behar, eta gure herrian ondo dakigu elizaren ondarea esku publikoetara pasatzea ez dela batere erraza izaten. Galdetu bestela Aizarnako eta Lasaoko herritarrei", azaldu du Udal Gobernuak.
Astelehenean Gazte Asanbladak egindako agerraldian Zestoako Udala "jomugan jartzea ez bidezkoa eta akats itzela" da Udal Gobernuaren ustez: "Batetik, eraikina ez delako udalaren jabetzakoa; eta bestetik, gauza hauek era horretan plaza publikora ateratzeak helburuaren lorpenean ez duelako batere laguntzen". Udal Gobernuaren ustez egungo "traba nagusia" jabetzarena da, eta hori gaindituz gero, "legeari lotutako oztopoak" gainditu beharko dira, eta erakundearen arabera, hori ez da egun batetik bestera egiten, "areago eremu hori urbanistikoki zein konplexua den kontuan hartuta".
Orain dela urtebete inguru Zestoako Udalak Gipuzkoako gotzaindegiari eskaintza bat egin zion, eta horren berri eman izan dio udalak Gazte Asanbladari. Hala esan du Udal Gobernuak: "Eliz agintaritzak, kanpai dorreko obrek sortutako zorra medio, Elizondo antzoki zaharra zor hori kitatzeko erabili nahi zuela adierazi zion udalari, eta hitz egindako kopuruak ez zirela inola ere zorra kitatzera iristen. Informazio horren guztiaren berri Gazteen Asanbladako ordezkaritzak hasieratik daki, eta informazio guztia zuzenean eman izan zaie". Horrekin batera, herri erakundeak esan du "diru publikoarekin operazio espekulatzailerik" ez duela egingo, eta haren ustez eraikin hori edozein baldintzatan eskuratzea eskatzea "ez da zilegi, ez ikuspegi sozialetik, ezta kudeaketa publikoaren ikuspegitik ere".
Saiakera lantzen
Aurrekari horiek guztiak kontuan hartuta, Zestoako Udalari borondate eza leporatzea ez du bidezkoa ikusten Udal Gobernuak, eta haren ustez borondatearen adierazgarri garbia da 2023ko udal aurrekontuetan "partida aurreikustea". Azpimarratu du udala hitzarmen duin bat lortzeko beste saiakera bat lantzen ari dela.
Alkateak oposizioari adostasunerako deia egin izana Gazte Asanbladak larritzat jotzea, eta kanpotik Udal Gobernuari alde bakarrez erabakia hartzeko eskatzea "harrigarria" egin zaio Udal Gobernuari, "noiz eta Udal Gobernuak hartu zezakeen erabakia hartua duenean: eroste eskubidearekin lotutako alokairu eredua elizari aurkeztea, alegia". Udal Gobernuaren ustez, adostasunez hartutako erabakiak "eraginkorragoak" izan ohi dira: "Alkateak adostasunerako deia egitea zentzuzkoa da, bereziki erabakia hirugarren bati dagokionean, hori zein den kontuan hartuta eta maiatzeko hauteskundeetan zer gertatuko den jakin gabe".
Gaiaz, bilera irekia
Hori guztiaz gainera, Udal Gobernuaren ustez Elizondo antzoki zaharrak gaztetxea baino zerbait gehiago izan beharko luke, eta herriko gainontzeko eragileek ere erabiltzeko aukera izan beharko lukete: "Eraikin hori garai batean herriari egindako ekarpen soziokulturala berreskuratzeko erabili beharko litzateke".
"Ika-mika antzuak" uzteko eta argitzeko asmoarekin otsailaren 28rako batzar irekia deitu du Udal Gobernuak. 19:00etan izango da, 19:00etan hasita. Bileran Zestoako Udalak esku artean duen informazio guztia jakinaraziko du, eta etorkizunean Elizondo antzoki zaharrean gaztetxea kokatzeko aukera izango dute hizketagai.