EAJk Osinbeltz harrobia izandakoa "biziberritzeko" proposamena plazaratu zuenean Udal Gobernuak emandako erantzunari erantzun dio orain Zestoako EAJk. Agerraldia egin dute opozioko udal taldekoek, aipatutako erantzuna emateko eta 2023ko aurrekontuei emandako ezetzaren arrazoiak xehetzeko.
Osinbeltzerako proposamena dela-eta "alkateak izugarrizkoak esan" dizkiela diote EAJkoek, "zalantzarik gabe erantzuna merezi dutenak". Udal Gobernuak harrobirako proposamenari erantzunez esandakoetatik zenbait kontu nabarmendu eta erantzun nahi izan dituzte EAJkoek. Hasteko, Energiaren Euskal Erakundeari (EEE) proposamena aztertzeko eginiko eskaera dela eta –Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusiarekin izan zen Garikoitz Mendizabal alkategaia Osinbeltzen–, Zestoako Udalak Goienerrekin egindako hitzarmenarekin alderaketa egin du EAJk: "EEE erakunde publikoa da. Bitartean, EH Bilduk Goiener enpresa pribatuarekin egin du hitzarmena. Guk ez dugu hau kritikatuko, baina, non da publikotasunaren aldeko aldarri sutsua?". "Gobernuan egon edo oposizioan egon", beren zeregina "herritarren onerako diren proiektuak lantzea" dela diote jeltzaleek, eta hor kokatu dute EEEri egindako eskaera.
Elkarlanari dagokionez, "ezinezkoa da daukagun alkatearekin", diote EAJren ordezkariek, haren "prepotentzia eta despotismoa askotan salatu" dituztela gaineratuta. Bestetik, Mendizabalen ustez alkatea "pasatu" egin zen barregarri geratzeaz esandakoekin. "Denok, ustez behintzat, gabiltza intentziorik onenekin herrigintzan, nahiz eredu eta ideia desberdinak izan. Erakunde publiko bati azterketa bat eskatzeak ezin du izan duen erantzuna izan, gure ustez".
Konpromisoak bete gabe
Agerraldi berean, 2023ko udal aurrekontuei ezetz esatearen arrazoiak xehetu dituzte Zestoako EAJren udal taldekoek. Kultur azpiegiturei dagokienez, gaiaren gainean egindako galdeketaren emaitzek agerian utzi dituzte kultur taldeen eta eragileen gabeziak EAJren ustez, baina "EH Bilduk beste norabait begiratzen du eta ez dio gaiari sakonean heltzen". Kiroldegiko teilatuaren lanen kontua "bat-batean" eta "kultur etxe berriarentzako batzar tekniko-politiko batean" agertu izana ere ez zaie "bidezkoa" iruditu jeltzaleei, Zubimusuko aisiaguneko proiektua "motz" gelditzen dela uste dute, eta udal barruko kudeaketa eredua hobetzeko Euskalitekin egindako lanketa "postureo hutsa" izan da Udal Gobernuaren aldetik: "Kontrastea egin zen, eta handik hona ez dago aurrera egiteko asmorik. Orain alkateak esan digu eredu hori udaletara baino beste mota bateko erakundeetara gehiego bideratuta dagoela. Gure ustez, ez zaizkio gustatu emaitzak, eta ez dago prestatuta talde lanean aritzeko".
Horiez gain, EAJren udal taldekoek gogora ekarri dute agintaldi honetako aurreko hiru urteetan aurrekontuen bozketetan abstenitu egin direla, edo aurrekontuak onartu egin dituztela; baina bi kasuetan, Udal Gobenuak EAJrekin "hartutako konpromisoak" ez dituela bete diote.