Pasio baten fruituak

Mailo Oiarzabal (Gipuzkoako Hitza) 2023ko otsailaren 3a

Xabier Unanue, aste honetan, Zestoan, bere etxeko ganbaran, eskuz transkribatutako bertso batzuekin. (Mailo Oiarzabal)

Urteetan jasotako eta gordetako bertso grabazioak transkribatzea erabaki zuen Xabier Unanuek duela ia hogei urte. 42.000 bertso baino gehiagoko bilduma osatu, eta Zestoako liburutegiari utzi dio. Gipuzkoako Hitzarako egindako erreportajea da honako hau.

Izenaren jabe den bizikleta estatiko bat erdian; lan mahaia ezkerreko paretaren kontra; karpetak, liburuak, agiriak han eta hemen, lurretik hazten diren dorretxoetan, apaletan; kasetez eta bideo zintaz betetako kaxak; pareten kolorea ezin antzeman, kartelez eta posterrez josita. Xabier Unanueren (Zestoa, 1943) etxeko ganbaran pausoa emateko justuko tokia dago, baina harribitxiak topa daitezke nonahi. Esaterako, 42.000 bertso baino gehiagoko bilduma osatua dauka.

Udalgintzan zaildutako gizona da: bi aldiz izan zen Zestoako alkate —1979tik 1983rako eta 1995etik 1999rako agintaldietan—, eta beste bederatziz zinegotzi. “Herri hau ondo ezagutzeko moduan”, dio. Hala ere, eta “saltsa guztietan sartutakoa” dela dioen arren, bizitzan “bereziki, hiru pasio” izan ditu: zinema, pilota eta bertsolaritza. Pasioari lana, ahalegina eta konpromisoa gehitu dizkio hiru arloetan; zinemari eta bertsolaritzari, bereziki.

Uztapideren itzala

Hain justu, azken horri lotuta, ekarpen aberatsa egin berri dio Unanuek Zestoa jaioterriko udal liburutegiari: hark transkribatutako 42.000 bertso eta beste hainbat dokumentuk osatutako bilduma utzi du dohaintzan, herritarrek eskura izan dezaten.

1976tik 2000ra arte Zestoan antolatutako 50 jaialditan kantatutako bertsoak, Zestoatik kanpoko ehundik gora saiotakoak, Manuel Olaizola Uztapide-ren 2.760 bertso, Fernando Aire Etxart Xalbador-en 1.588, Inazio Eizmendi Manterola Basarri-ren 2.730, Zestoan 1992tik 2016ra ia urte denetan santa eskean kantatutako koplak —10.000 bat—… Horiek guztiak eta gehiago dauzka transkribatuta, lehendabizi eskuz eta gero ordenagailuan. Digitalizatuta utzi du bilduma liburutegian, USB giltza batean; baina jatorrizko euskarri fisikoak ganbaran dauzka oraindik.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide