Aktore lanetik, aurkezle lanera. Nolakoak ari dira izaten hastapenak?
Erreportari aritutakoa naiz, baina lehen aldia dut aurkezle lanetan, eta esperientzia oso ona izaten ari da. Egia esan, tokatu zaidan lantaldea izugarria da, pila bat ari zaizkit laguntzen eta oso azkar eta erraz ari naiz ikasten, beraiek asko errazten dutelako lana. [Mikel] Pagadiren ondoan aritzea zoragarria da, beti dago laguntzeko. Urduri ere bai, e, uste nuena baino zailagoa delako. Kanpotik ikusita errazagoa dirudi, baina lan asko daukagu.
Nola sortu zitzaizun saioan aritzeko aukera?
Etxean nengoen, bazkaltzen eta lagun batekin telefonoz hitz egiten, eta ezagutzen ez nuen zenbaki batetik deitu zidaten. Pentsatu nuen telefonia etxeren batekoa izango zela, astun halakoak, eta ez nion kasurik egin. Berriro zenbaki beretik deitu zidatenean, hartzea erabaki nuen; Orio Produkzioak-ekoak ziren, Herri txiki, infernu handirako aurkezle berria behar zutela eta castinga egiteko deitzen zidatela esanez. Iazko udaberrian izan zen, castinga egin nuen, eta hautatu egin ninduten.
Nola hartu zenuen albistea?
Castinga egin nuenetik hilabete batera-edo deitu zidaten, denbora dezente pasatu zen. Inoiz ez duzu jakiten noiz deituko dizuten, eta Orio Produkzioakekoak deika ari zitzaizkidala ikusi nuenean... bua! Portalen nengoen zerbait hartzen, lagun batekin, eta momentu batean etxera joan behar nintzela esan nion, ezer ez nion esan inori. Etxera igo nintzen, telefonoa hartu nuen, eta baietz. Ama eta ni korridorean korrika, builaka... Egundoko poza izan zen.
Herri txiki, infernu handiren jarraitzailea al zinen?
Bai, bai. Igande gaueko plana izan da askotan niretzat saioa ikustea, aje pixka batekin eta burritoak jaten nituen bitartean. Lagunari esan ere egin izan nion inoiz, ederra izan behar zuela Herri txiki, infernu handin lana egitea: egunero leku desberdin batean, umorea... Eta, begira orain.
Formatu berezia eta oso identifikagarria du Herri txiki, infernu handik, eta Pagadi-Zuhaitz Gurrutxaga bikotea ETBko klasiko bihurtuta zegoen. Erronka izango da zuretzat Gurrutxagaren tokia hartzea, ezta?
Halaxe da. Zuhaitz eta Pagadi bikote komiko ezaguna da Euskal Herrian. Kontua ez da inor imitatzen ibiltzea, bakoitzak bere estiloa jorratu behar du, bere markatxoa utzi, eta bere bidea egin saioan. Gainera, Zuhaitz imitaezina da, oso maitea eta profesionala, bere lana oso ondo egiten du. Jendea ohituta dago Pagadi eta Zuhaitz elkarrekin ikustera, eta ohiturak aldatzea zaila izaten da, baina erronka horri aurre egitea dagokit. Ea gainditzen ditudan, erronka eta neure burua. Zaila izango da Zuhaitzek utzitako hutsunea betetzea, baina ea nola funtzionatzen duen bikote berri honek.
Pagadiren eta Gurrutxagaren artean bazegoen halako kimika bat. Pagadiren eta zure artean beste kimika bat sortzea al da helburua?
Egia esanda, Pagadi eta ni ezagutu ginen egunean, castingaren egunean, sortu zen dagoeneko halako kimika bat. Biok antzeman genuen, eta ni lasai etorri nintzen etxera, proba oso gustura egin nuelako; eta oso gustura egin nuen, gustura sentitu nintzelako eta Pagadirekin konexio bat sentitu nuelako. Orain biok esaten dugu konexioarena; izan ere, oso ondo moldatzen gara elkarrekin. Zorte handia da hori, ez da beti gertatzen, eta hori lortu izan hutsarekin zorioneko sentitzen naiz ni.
Igande honetan emango dute denboraldi berriko lehen atala, zure estreinakoa, Belauntzan (Gipuzkoa) grabatutakoa. Urduri al zaude?
Urduri nago, bai. Jendearen harregatik urduri, baina baita neuk neure burua nola ikusiko dudan ez dakidalako ere, neure buruarekin nahiko zorrotza bainaiz. Ez dakit gustatuko zaidan ala ez, baina badakit ikusleek barre dezente egingo dutela; gehienbat nire inguruko jendeak, ohiko erregistrotik kanpo ikusiko nautelako. Polita izango da. Lehendabizikoa izan zelako, agian, baina Belauntzan egin genuen saioa estimu handitan daukat; maitasun osoarekin eginda dago. Orain arte bost atal grabatu ditugu, eta asko dauzkagu oraindik grabatzeko denboraldi honetan.
Esperientzia berri honetan, orain artekoetatik zer nabarmenduko zenuke? Eta zer eskatzen diozu datorrenari?
Bizipen asko ari zaizkit pilatzen. Ume txiki bat banintz bezala nabil, dena deskubritzen. Zerbait nabarmentzekotan, dudarik gabe, lantaldea, Pagadi eta joan garen tokietako jendearen maitasuna nabarmenduko nituzke; elkarrizketatuen eta herri horietako jendearen ilusioa eta maitasuna egundokoak ari dira izaten. Aurrera begira jarrita, berriz, saioak beste zortzi urte irautea, eta Zuhaitzen marka bera harrapatzea nik ere.
Bestelako proiektuetarako tarterik uzten al dizu lan berriak?
Hasiera honetan, asko zentratu naiz Herri txiki, infernu handiren lanean; horretarako denbora hartzea erabaki nuen, egia da-eta denbora dezente kentzen didala. Baina hemendik aurrera, ni kontratatzea nahi duenak, jakin dezala libre nagoela [barrez]. Ez, orain benetan. Antzerkia egitea asko gustatuko litzaidake, edo film batean lan egitea... Azken finean, nire aktore sen hori alde batera lagatzerik ez dut nahi. Aurkezlea naiz, horretan ari naiz orain eta erronka hau daukat; baina aktorea naiz, eta aktore lanak egiten jarraitu nahi dut, dudarik gabe.