Dena prest dute Kobaz Koba Trail lasterketaren zazpigarren ediziorako

Aitziber Arzallus 2023ko otsailaren 2a

Zestoako udaletxean egin dute Kobaz Koba Trail probaren VII. edizioaren aurkezpena, gaur. (Arazi)

Otsailaren 12an izango da lasterketa eta 632 kirolarik parte hartuko dute, horietatik 124 emakumeak. Proban parte hartuko duten zestoarrak, berriz, 52 izango dira: horietatik 41ek Artzei ibilbidea egingo dute, 15 kilometroko ibilbide motza; eta 11k egingo dute Zaldei, 26 kilometroko ibilbide luzea.

Dena prest dute otsailaren 12an Zestoan egingo den Kobaz Koba Trail lasterketarako. Aurtengoa zazpigarren edizioa izango da, eta gaur goizean egin dute probaren aurkezpen ofiziala Zestoako udaletxean. Han izan dira lasterketaren antolatzaileak, Arazi IKTko eta Agiro Mendi Klubeko kideak, eta baita probaren antolakuntzan lagundu duen Zestoako Udaleko ordezkariak ere.

Lasterketari buruzko xehetasunik gehienak jakinekoak ziren aurretik ere, urrian, proba noiz egingo den iragarri zutenean, dagoeneko aurreratu baitzituzten antolatzaileek. Hala ere, gaurkoan, zenbait datu zehaztu ditu Juanjo Aranburu Araziko arduradunak. Batetik, 632 korrikalarik hartuko dutela parte lasterketan, eta horietatik 124 emakumeak izango direla, seigarren edizioan baino hamalau gehiago. Parte hartuko duten zestoarrak, berriz, 52 izango dira: horietatik 41ek Artzei ibilbidea egingo dute, 15 kilometroko ibilbide motza; eta 11k egingo dute Zaldei, 26 kilometroko ibilbide luzea. Parte hartzaile gehienak Euskal Herritarrak dira, baina Espainiako hainbat lekutako jendea ere etorriko da Zestoako probara.

Zaldei ibilbideko korrikalariak goizeko 09:00etan irtengo dira, eta Artzei ibilbidekoak 9:45ean. Bi probak plazan hasi eta amaituko dira, eta lasterketa bukatutakoan kiroldegiko aterpean hamaiketako egingo dute kirolariek.

Jon Alberdi Agiro mendi taldeko kideak azaldu ditu ibilbidearen nondik norakoak, aldaketaren bat egin dutelako. "Ibilbide luzea aurten 26 kilometrokoa izango da. San Pelaio aldean dagoen bidegurutzean, lehen Pagaldazuri aldera joaten ziren korrikalariak, eta orain, berriz, Palazio aldera hartu beharko dute. 300 metro luzeagoa izango da ibilbidea eta lehen baino 60 metro gehiagoko desnibela izango du". Datorren asterako eguraldi "lehor xamarra" iragarri dutela ere esan du, eta ondorioz, "horrenbeste lokatz" ez egotea espero dutela.

Guztira 120 boluntarioren laguntza izango dute egun horretan eta Alberdik zein Mikel Arregi alkateak eskerrak eman dizkie guztiei. Bukatzeko, Arregik bi gauza azpimarratu ditu gaurko ekitaldian: batetik, probak "hartu duen lekua", eta bestetik, emakumeen parte hartzeak azken urteetan izan duen hazkundea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide