Ibilbide "geologikoa eta urbanoa" egin dute Zestoa Osasuntsuren barruan

Ane Olaizola 2023ko otsailaren 2a

Zestoa Osasuntsuren gaurko ibilaldiaren une bat. (Zestoako Udala)

Zestoako eraikinetako berezitasunak ezagutu ahal izan dituzte egitasmoaren gaurko saioan parte hartu duten 35 bat lagunek. Datorren astean, berriz, ibilbide luzea egingo dute, eta Aizarnazabalera joango dira oinez; itzuli, berriz, autobusez.

Zestoa Osasuntsu egitasmoaren barruan, herrian zehar ibilbide motza egin dute gaur, osteguna, 35 bat herritarrek. Gaurkoan, "ibilbide geologikoa eta urbanoa" egin dute paseora atera diren herritarrek, eta ariketa fisikoa egitearekin batera, Javi Manteca geologo zestoarrak egindako lana oinarri hartuta. Besteak beste, zenbait eraikinetan erabilitako materiala, hango harrien jatorria eta horien erabilera izan dute hizpide.

Bestalde, datorren asteko ibilaldiaren berri ere eman du udalak. Izan ere, hilaren 9an Zestoa Osasuntsuren ibilaldi luzea egingo dute, eta Aizarnazabalera joango dira oinez. 09:30ean elkartuko dira kiroldegiaren atarian, eta handik garraio publikoan itzuliko dira herrira. Ohi bezala, hamaiketakoarekin amaituko dute irteera, 12:30 aldera. Antolatzaileek adierazi dute egun horretako ibilaldian erritmoa biziagoa izango dela, eta beraz, oinez ibiltzera ohituta daudenentzat gomendatuta dagoela irteera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide