Ibilaldi motza egingo dute etzi Zestoa Osasuntsu egitasmoaren barruan

Mailo Oiarzabal 2023ko urtarrilaren 31

Zestoa Osasuntsuren barruko ibilaldi bate. (Zestoa Osasuntsu)

10:30ean elkartuko dira ibiltariak kiroldegiko atarian, eta bukaeran mokadutxoa izango da guztientzat. Datorren astean, hilaren 9an, ibilbide luzearen txanda izango da.

Aste honetarako eta datorrenerako hitzordu bana prestatu dituzte adinekoak ariketa fisikoa egitera bultzatzeko Zestoa Osasuntsu egitasmoaren barruan.

Etzi, otsailaren 2an, ohiko ibilbide motza egiteko elkartuko dira 10:30ean kiroldegiko atarian. Irteera horiek "edonorentzat" prestatzen dituzte, "mugikortasun gaitasuna edonolakoa izanda ere" egiteko modukoak dira oinezko txangoak, alegia. Ibilaldia bukatutakoan, mokadutxoaz gozatzeko aukera izango dute parte hartzaile guztiek.

Datorren asteko ostegunean, berriz, otsailaren 9an, "arin ibiltzen" diren adineko pertsonei zuzendutako ibilbide luzeagoaren txanda izango da Zestoa Osasuntsuren barruan. Antolatzaileek aurrerago zehaztuko dute zer ibilbide egingo duten, baina aurreratu dute hura ere mokadutxoarekin osatuko dutela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide