Pasa den ostegun goizean, langile bat hil zen Zestoako Artzubia lantegian, eta Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak gertakaria salatu du. Era berean, "babesa eta doluminak" adierazi dizkiete senideei eta ingurukoei. Kontseiluak adierazi du lan heriotzak "dinamika kapitalistak berekin dakarren adierazpen formarik gordinenetako bat" direla, eta ezin direla "dinamika orokorretik at" ulertu.
"Burgesiaren ofentsiba ekonomikoa ematen ari den honetan ere, lantegietan nahiz egunerokoan jasan behar dugun biolentzia estrukturala mila modutan ageri zaigu: lan baldintzen kaskartzea, laneko presioa edota soldaten beherakada adibide batzuk dira, eta faktore horiek guztiek bizkortzen dute gizartean ematen ari den proletarizazioa", azaldu dute sare sozialetan argitaratu duten oharrean.
Kontseilu Sozialistarentzat egoera horrek "sustrai ekonomikoak" ere badituen arren, ondorioak ere "ugariak" dira. "Baldintza ekonomikoen kaskartzetik hasi eta egoera emozionalaren kaskartzeraino, depresioak, buruko gaixotasunak edota osasun arazoak ugarituz. 'Ez traumatiko' deitu diren lan heriotza hauek ere prozesu horren ondorio dira. Beharrezkoa zaigu horrelakoak salatzea, esan bezala, kapital dinamikaren ondorio direlako".
"Halakorik gerta ez dadin" eta "langileariaren lan eta bizi badintzak hobetzeko", langile antolakuntza sustatzea "beharrezkoa" dela uste du Kontseilu Sozialistak. "Gure ustez hori da estatu sozialistaren eraikuntzarako funtsezko premisa, gizarte sozialista baten emango baitira horrelako ezbeharrak saihesteko baldintzak, gizateriaren ongizate ekonomiko eta soziala helburu".