Langile bat hil da Zestoan, lan istripu ez traumatiko baten ondorioz

Aitziber Arzallus 2023ko urtarrilaren 13a

51 urte zituen, eta Zestoako Industrias Artzubia enpresan lan egiten zuen. LABek jakinarazi duenez, ondoezik topatu zuten aldageletan, eta handik gutxira hil zen, erietxean. Sindikatuak babesa eta elkartasuna adierazi senide, lagun eta lankideei.

Atzo langile bat hil zen Zestoan, lan istripu ez traumatiko baten ondorioz. 51 urte zituen langileak eta Industrias Artzubia enpresan jarduten zuen lanean. LAB sindikatuak jakinarazi duenez, langilea aldageletan ondoezik topatu zuten, erietxera eraman zuten eta handik gutxira hil egin zen. Sindikatutik babesa eta elkartasuna adierazi dizkie senide, lagun eta lankideei.

LABen arabera, "heriotza ez traumatikoak ugaritzen ari dira eta gero eta nabarmenagoa da lanpostu jakin batzuetan laneko arrisku faktoreek istripu horietan duten eragina". Sindikatuak eskuartean dituen datuek diote iaz Euskal Herrian lan istripuz hildakoen % 33 istripu ez traumatikoen ondorio izan zirela. Hain zuzen ere, 23 langile hil ziren iaz Euskal Herrian lan istripu ez traumatikoetan. "Hainbat faktore daude istripu horien atzean, baina arrisku psikosozialak eta estresa dira garrantzitsuenetako batzuk", adierazi du sindikatuak. Salatu du "horren guztiaren aurrean eskumenak dituen Urkulluren gobernuak entzungor" egiten duela. "Ez Osalandik ez Lan Ikuskaritzatik ez da neurri eraginkorrak hartzen langilegoan gero eta intzidentzia handiagoa duen arazo honi aurre egiteko. Ordua da behingoz, Jaurlaritzak beharrezkoak diren baliabideak jartzeko patronalari prebentzioa betearazteko, baita arazo psikosozialen aurrean ere". 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide