Ezkaizto auzo elkarteak, Arroako eskolaren laguntzarekin, martxan jarri du Arroabeko V. Ipuin Lehiaketa. Berrikuntza bat dakar lehiaketaren bosgarren edizioak: Lehen Hezkuntzako ikasleek ez ezik, DBHtik gorako arroar guztiek izango dute lanak lehiaketara aurkezteko aukera.
Ikasle gaztetxoenak aurten ere hiru mailatan banatuta lehiatuko dira ipuin lehiaketan: LH 1 eta 2koak multzo batean, LH 3 eta 4koak bestean, eta LH 5 eta 6koak hirugarrenean. Ipuinen gaia librea izango da, eta ohiko luzera eta neurriko lanak idatzi beharko dituzte LHko lehiakideek, mailaren arabera; aurreko urteetan bezala, eskolan landuko dituzte ipuinak, ondoren ikasle bakoitzak aukeratuko du lehiaketara aurkeztu ala ez, eta eskolan bertan jasoko dira horien lanak.
DBHtik gorako herritarrei zuzenduta sortu duten maila berrirako, berriz, "berezitasun bat" proposatu dute antolatzaileek: aurkezten diren ipuin guztietan agertu beharko da "ikusi zuenean negarrez hasi zen" esaldia. Helduen maila berrira aurkezten diren ipuinak orrialde batekoak izan behar dira, eta ipuinakarroa@gmail.com helbidera bidali behar dira; posta elektronikoz bidaltzeko arazoren bat izanez gero, "antolakuntzarekin hitz eginda konponduko dute", adierazi dute Ezkaiztokoek.
Martxoaren 10ean bukatuko da Arroabeko V. Ipuin Lehiaketara lanak aurkezteko epea, eta antolatzaileek herritarrei dei egin diete, parte hartzera animatzeko: "Sarritan haurrei esaten dieguna oraingoan gaztetxoei eta helduei zuzendua: garrantzitsuena parte hartzea da, ez dago munduko ipuinik ederrena idatzi beharrik, ekimen honen helburua Arroan sorkuntza ariketa bat bultzatzea da".