Zestoarrek bero hartu dituzte Errege Magoak

Aitziber Arzallus 2023ko urtarrilaren 5a

Azken bi urteetan ez bezala, Errege Magoei behar bezalako harrera egin diete zestoarrek. Herrian barrena ohiko itzulia egin dute haiek: Akoatik jaitsi dira eta elizan bukatu dute, tartean zaharren bi egoitzetan geldialdia eginda. Elizan, umeek aukera izan dute Meltxorri, Gasparri eta Baltasarri gutunak eskura emateko eta haiekin argazkiak ateratzeko.

Iragarritako orduan, 18:30ean, iritsi dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar Zestoara, ohikoa duten moduan, zaldi gainean, Akoako aldapan behera. San Juan zaharren egoitza parean jendetza zuten zain, baina herritarrak agurtzen hasterako, Jesus haurtxoari intsentsua, urrea eta mirra eskainiz ekitalditxoa egin dute egoitzako atarian. Ondoren, herrigunerako bidea hartu dute, eta herrian eman duten itzulian zehar ez zaie falta izan konpainiarik, ume, nerabe eta heldu, asko izan baitira Errege Magoei ongi etorria ematera kalera atera diren zestoarrak. Musika banda ere lagun izan dute ibilbide guztian.  

Herria alderik alde zeharkatu, eta Gisasola egoitzan egin dute bigarren geldialdia hiru Erregeek. Barrura sartu eta bertako egoiliarrekin pixka batean egoteko beta ere hartu dute. Eta handik, herriko plazan barrena, elizara. Meltxor, Gaspar eta Baltasar ailegatzerako, leporaino zegoen eliza, eta haurrak zain zituzten ilaran, eskuetan eskutitz bana zutela. Musika bandak girotuta, umeek aukera izan dute Errege Magoei gutuna eskura emateko, haiekin argazkiak ateratzeko eta solasalditxoa izateko.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide