Amets Aranberri eta Idoia Nogales nagusi, Zestoako San Silbestrean

Andoni Elduaien 2022ko abenduaren 31

Korrikalari ugarik parte hartu dute arratsaldean Zestoako kaleetan zehar egin duten San Silbestre lasterketan. Haurren, gazteen eta nagusien lasterketak egin dituzte han. Nagusietan, Amets Aranberri eta Idoia Nogales nagusitu dira, eta gazteetan, Oier Aldalur eta Nerea Zestona.

Bi urteko etenaren ostean, San Silbestre lasterketa herrikoia egin dute Zestoan. Urtea kirola eginez, lagunartean eta umore onean amaitzea erabaki dute herritar askok. Gutxi batzuk, mozorrotuta egin dute korrika, eta beste batzuk, txakurrekin.

17:00etan, hamar urtera arteko haurren txanda izan da, eta ondoren, 11 eta 15 urte bitarteko gazteek kilometroko lasterketa egin dituzte. Oier Aldalur eta Nerea Zestona nagusitu dira gazteen mailan. Nagusien San Silbestre lasterketan, berriz, hiru kilometroko ibilbidea egin behar izan dute parte hartzaileek. Gizonetan, Amets Aranberri zestoarrak irabazi du —goizean bigarren sailkatu da Azpeitiko San Silbestre lasterketan—, eta emakumeetan, Idoia Nogales debarrak. Irabazleentzako opariez gain, partaideen artean dozenaka opari zozkatu dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide