Zestoako Gaztetxeak egungo gaztetxea herriaren erdigunera lekualdatzeko sinadura bilketa abiatu du. Hango kideek adierazi dutenez, bi urte daramatzate proiektu horrekin eskuartean, baina negoziaketan ez dute aterabiderik topatu: "Garbi utzi nahi dugu negoziaketaren parte diren beste bi alderdiek ez dutela proiektuari aterabidea eman eta prozesuak aurrera jarraitu ahal izateko berebiziko interesik azaldu. Finean, pausuak ematen joatearen arrazoia asanbladaren eta proiektu hau babestu duten herritarren ekimena izan da". Hori dela eta, "azken faseari bultzada emateko", sinadura bilketa abiatu dute orain.
Duela urte eta erdi jakinarazi zuten Zestoako Gaztetxeko kideek egungo gaztetxearen espazioak "arazoak" zituela, eta horregatik, zine zaharra eta elizako zentroak osatzen duten eraikina bereganatu nahi zutela. "Lehenengo momentuan udalaren proposamena izan zen gaztetxea lekualdatzeko proiektua. Une horretatik, egungo gaztetxeko proiektuak eta obrak albo batean utzi genituen, eta eskuartean daukagun proiektuan buru-belarri jarri ginen lanean", azaldu dute.
Lekualdaketa herriarentzat "aberasgarria" izango litzatekeela jakinarazi dute, egungo azpiegiturak sortzen dizkien "mugak gainditu", eta herrian beren jarduna zabaltzeko aukera izango luketelako. Hona hemen lekualdaketa gauzatzeko eman dituzte bost arrazoiak:
- Zine zaharrak Zestoak behar duen eskaintza kultural-artistikoarentzat areto aproposa sortzeko baldintzak ditu.
- Kultur etxeko beste eragileen jarduna ez oztopatzea.
- Zentroa eta aretoa (zine zaharra) bi solairutan bananduta egoteak bi jardun ezberdin egon ahal izateko aukerak ematen ditu: solairu bat asanblada eta eragile ezberdinen jardunerako izanik eta bestea herriko gazteen aisialdi zein ekintzetarako.
- Kokapena. Herriaren erdigunean egoteak jendearengana hurbiltzeko eta jendea gugana hurbiltzeko baliabideak ematen dizkigu.
Une honetan, hiruko negozazio mahaia bildu eta soinu probak egin dituzte aretoa izango denaren bideragarritasuna frogatzeko. "Orain, udala eta eliza negoziazio mahaian esertzeko unea da, negoziazioen azkenengo txanpan sartzen ari garelarik. Beraz, bi alderdiei dei egiten diegu lehenbailehen proiektu hau ahalbidetuko duen akordio bat lortu dezaten. Bitartean, lanean eta borrokan jarraituko dugu. Espazioa lortzeko ezinbestekoa da herritar guztion babesa; beraz, egingo ditugun ekintzetara gonbidatzen zaituztegu, eskaera sinatzearekin hasiz", gehitu dute. QR kode bidez sinatu ahal izango da gaztetxearen lekualdatzearen atxikipena.
