2020an ez zen posible izan, ezta iaz ere. Aurten, ordea, Zoroperi eguna ospatzeko aukera izan dute zestoarrek. Ohiko egitaraua itzuli da gaur, abenduak 26, kaleetara, eta herritarrek plaza eta kaleak hartu dituzte goizean goizetik. Idiakaitz txistulari taldearen dianarekin hasi dira zoroperiak, eta ondoren, XXXI. Barazki eta Fruta Lehiaketa, Urolako XXIII. Ezti Lehiaketa eta XXII. Zestoako Sagardo Lehiaketa izan dira. Era berean, herritarren nahiz kanpokoen askotariko produktuekin jarritako postuak izan dira plazan eta inguruetan, herritarren gozamenerako.
13:00 inguruan eman dute aurtengo lehiaketen irabazleen berri. Barazki eta Fruta Lehiaketaren irabazlea Ezozi Etxeberria soraluzetarra izan da, eta ondoen prestatuta zegoen postuaren saria ere hark eraman du. Bigarren postuan, berriz, Karmen Etxeberria gelditu da, eta hirugarrengoan, Jose Lonbide. Ezti Lehiaketan, bestalde, Jon Joseba Oñatibia aiarrarentzat izan da lehen postua, eta bigarren zein hirugarren postuak Zestoan gelditu dira: Igor Odriozolarentzat izan da bigarren postua, eta Mikel Erkiagarentzat hirugarrena.
Azkenik, Sagardo Lehiaketaren irabazleen berri eman dute, eta hiru sari nagusiak arroarrentzat izan dira. Lehen postua Azketa Errota baserriak erdietsi du, bigarrena Larratzabal Goikoak, eta hirugarrena, Larratzabal Bekoak.
Arratsaldean gehiago
Lehiaketen ostean, baba-jana izan da Zestoako Gaztetxean, eta 17:00etatik aurrera jarraituko du orain festak. Izan ere, 17:15etik aurrera kirol jaialdia izango da Abantzu Pilota Klubak antolatuta; batetik, pilota jaialdiaren finalaurrekoa eta finala jokatuko dituzte, eta bestetik, Paulo Azpiazu, Karmele Gisasola Zelai III.a, Mikel Lopetegi Urra eta Lierni Osa harri-jasotzaileek herri kirol erakustaldia eskainiko dute.
Haurrentzako eta gaztetxoentzako ere izango da gozamenerako aukera, Potxin eta Patxin pailazoek Baserria ikuskizuna eskainiko baitute Kultur Etxean, 18:00etatik aurrera. Iluntzean, berriz, musikak itxiko du aurtengo Zoroperi eguna, Obaneuke taldearen kontzertua izango baita.
Hona hemen arratsaldeko egitaraua:
- 17:15. Kiroldegira kalejira, txarangarekin.
- Ondoren, kirol jaialdia Abantzu Pilota Klubak antolatuta.
- Pilota jaialdiaren finalaurrekoa.
- Harri-jasotzaileak: Paulo Azpiazu, Karmele Gisasola Zelai III.a, Mikel Lopetegi Urra eta Lierni Osa.
- Pilota jaialdiaren finala.
- 18:00. Baserria haurrentzako ikuskizuna, Potxin eta Patxin pailazoen eskutik. Kultur Etxean.
- 19:30. Obaneuke erromeri taldearen emanaldia udaletxeko arkupeetan, afalordura arte.
- 22:00. Obaneuke erromeri taldearen emanaldia.