Kiroldegiko bazkidetza berritzeko kanpainari ekin diote gaur Zestoan

Anartz Izagirre 2022ko abenduaren 19a

Zestoako kiroldegiaren irudi bat.

Ordainketa helbideratuta duten bazkideei automatikoki berrituko diete bazkidetza, eta joan zen urtarrilean kuota transferentzia edo txartel bidez ordaindu zutenek, bazkide izaten jarraitzeko nahia berretsi beharko dute. Hainbat berrikuntza ere iragarri dituzte 2023rako; besteak beste, Gazte Orduaren egunak zein orduak zabalagoak izango dira.

Zestoako Udalak kiroldegiko bazkidetza berritzeko kanpaina abiatu du gaur, astelehena, eta bazkideek kontuan izan beharreko hainbat xehetasun eman dituzte. Batetik, adierazi dute prezioei %1,5eko igoera aplikatuko zaiela, Zestoako Udalak aurten hala onartu baitu. Ordainketa helbideratuta duten bazkideei automatikoki emango diete alta 2023an; aldiz, joan zen urtarrilean kuotaren ordainketa transferentzia edo txartel bidez egin zutenek bazkide izateko nahia berretsi beharko dute kiroldegian. Baja eman nahi dutenen kasuan, bestetik, abonua helbideratuta dutenek jakinarazi egin beharko dute baja eman nahi dutela urtarrilaren 20a baino lehen —kiroldegiko harreran, zestoakirola@zestoa.eus helbidera idatzita edo 943-14 79 42 telefonora deituta—, hori egin ezean, automatikoki alta emango baitzaie 2023an. Ordainketa transferentzia edo txartel bidez egin zutenek, aldiz, ez dute ezer egin beharrik izango.

Hainbat berrikuntza ere jakinarazi dituzte 2023. urterako. Gazte Orduari dagokionez, orduak eta egunak zabaldu egingo dituzte. 12 eta 15 urte bitarteko gaztetxoei bideratutako abonua da Gazte Ordua; urtean 45,68 euroko kostua du, baina ordutegiak, egunak eta erabil daitezkeen espazioak mugatuak dira. Datorren urtean zabaldu egingo dute aukera hori, eta honakoa izango da ordutegia: astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 18:30era, eta larunbatetan, 16:00etatik 17:30era. Nolanahi ere, adin horretako kideek ezin izango dituzte gimnasioa eta crossfit aretoa erabili. Familia Orduari dagokionez, berriz, bazkideek 6 eta 11 urte bitarteko hiru haurrekin sartzeko aukera izango dute rokodromoa eta trinketea erabiltzeko, astearteetan zein ostegunetan, 16:30etik 18:30era. Adingabe horietako batek, gutxienez, abonatuaren semea edo alaba izan beharko du. Hala eta guztiz, trinketearen kasuan erreserbek izango dute lehentasuna.

Adinaren inguruko beste hainbat xehetasun ere eman dituzte. Abonu mota aplikatzerakoan 2023. urtean zehar betetzen den adina hartuko dute kontuan, eta ez alta emateko unean bazkideek duten adina. Modu horretan, urtarrilean 64 urte dituenak 2023an 65 urte betetzen baditu, azken adin tarte horri dagokion tarifa aplikatuko zaie bazkideei. 15 urte betetzen dituztenekin ere gauza bera gertatuko da; horiek, gainera, gimnasioko zerbitzua ere erabili ahal izango dute.

Ariketa fisikorako aholkularitza

Kiroldegian ariketa fisikorako aholkularitza zerbitzua ere eskainiko dute datorren urtean. Beraz, gimnasioan indarra lantzeko zein ariketa kardiobaskularrak egiteko makinak erabiltzeko laguntza eskatu ahal izango da, eta bestelako zalantzak dituenak ere aholkulariarengana jo ahal izango du. Udalak nabarmendu du zerbitzua "egokia" izan daitekeela inoiz ariketa fisikorik egin ez duten pertsonentzat, eta "bereziki gomendagarria" gimnasioa lehen aldiz erabiltzen ari diren gaztetxoentzat. Astelehenetan eta asteazkenetan eskainiko dute zerbitzu hori, 17:30etik 18:30era bitartean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide