Gabonetarako hainbat ekitaldi antolatu ditu Zestoako Gazte Asanbladak

Ane Olaizola 2022ko abenduaren 15a

Zestoako Gazte Asanblada.

Hilaren 25etik urtarrilaren 4ra bitartean, askotariko ekintzak egingo dituzte herrian, hala nola mus txapelketa, bingo saioa eta bideogintza eta Photoshop  ikastaroa. Zoroperi egunerako ere trikipoteoa zein bazkaria antolatu dituzte.

Zestoako Gazte Asanbladak Gabonetarako egitaraua prestatu du, eta hilaren 25etik urtarrilaren 4ra bitartean, hainbat ekintza egingo dituzte Gaztetxean zein handik kanpo.

Hilaren 25ean, igandean, mus txapelketa egingo dute, 18:00etan. Bikoteko hamar euro ordaindu beharko da, eta Gazte Asanbladaren sare sozialen bidez edo antolatzaileei jakinarazita eman daiteke izena. Biharamuna, berriz, Zoroperi eguna izango da, eta egun horretan trikipoteoa eta bazkaria egingo dituzte. Era berean, taldeko argazkia ere aterako dute egun horretan.

Hilaren 29an, ostegunez, bertso saioa egingo dute 18:00etan, eta pintxo potearekin uztartuko dute egitasmoa. Honako bertsolari hauek arituko dira kantuan: Naia Arrizabalaga, Aitor Salegi, Joanes Illarregi, Libe Goenaga eta Danel Olano.

Urte berriarekin batera, Photoshop eta bideogintza ikastaroa egingo dute urtarrilaren 2an, 11:00etan hasita. Azkenik, bingo musikatua izango da urtarrilaren 4an, 18:00etatik aurrera, eta barra irekita egongo da saioan zehar.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide