Pilota txapelketa antolatu dute aurten Zestoako soroperietarako

Mailo Oiarzabal 2022ko abe. 14a, 19:22

Txapelketan parte hartuko duten lau herritarrak Jon Etxeberria Abantzuko presidentearekin, gaurko aurkezpenean. (Mailo Oiarzabal)

Herriko pilotari gazteak Espinal afizionatuarekin eta Arteaga, Erasun eta Garmendia profesional ohiekin ariko dira lehian, lau bikotetan banatuta. Larunbat honetan jokatuko dituzte bi finalaurrekoak, eta Soro Peri egunean, abenduaren 26an, hirugarren eta laugarren postuak zehazteko partida eta finala. Bien tartean, berriz, harri-jasotze erakustaldia egingo dute Paulo Azpiazuk, Karmele Gisasola Zelai III.ak, Mikel Lopetegi Urrak eta Lierni Osak.

Soro Peri eguna ospatuko dute berriro Zestoan datorren abenduaren 26an. Pandemiak eragindako bi urteko etenaren ondoren itzuliko da San Esteban eguneko festa, eta harekin, baita soroperitan ia ezinbesteko osagaia den arratsaldeko esku pilota jaialdia ere. Aurten, gainera, formatu berriarekin dator pilotaren hitzordua soroperietara. Izan ere, lehen aldiz, txapelketa formatuan antolatu dute Abantzu pilota klubekoek; bi egunetan jokatuko dute, eta Soro Peri egunean izango da finala. Bigarren eta azken jaialdi hori herri kirolekin osatuko dute, gainera, abenduaren 26ko ohiturari eutsita.

Herriko pilotari gazteak Espinal afizionatuarekin eta Arteaga, Erasun eta Garmendia profesional ohiekin ariko dira lehian txapelketa berrian, lau bikotetan banatuta. Larunbat honetan jokatuko dituzte bi finalaurrekoak kiroldegiko pilotalekuan: Arteagak eta Alkantarak Sasiainen eta Garmendiaren kontra jokatuko dute finalaurreko batean, eta Espinalek eta Alonsok Txapei III.arekin eta Erasunekin neurtuko dituzte indarrak bestean.

Abenduaren 17ko bikote irabazleek Soro Peri eguneko arratsaldeko jaialdian jokatuko dute finala, pilotaleku berean. Egun horretan, aurretik, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida ere jokatuko dute. Eta bi pilota partiden tartean, harri-jasotze erakustaldiaz gozatzeko aukera izango dute frontoira joaten direnek: Paulo Azpiazu, Karmele Gisasola Zelai III.a, Mikel Lopetegi Urra eta Lierni Osa ariko dira bertan lanean.

Sarrerak

Apustu berriari ilusioz eutsi diote Abantzu pilota klubekoek. Txapelketa aurkezteko agerraldia egin dute gaur arratsaldean pilotalekuan, parte hartuko duten herriko lau pilotariak ere han zirela.

"Espero dugu bai larunbat honetan, bai 26an, jendeak erantzutea, laguntza morala behintzat izatea, eta txapelketara etortzen diren guztiek ondo pasatzea", adierazi du Jon Etxeberria Zestoako pilota klubaren presidenteak.

Txapelketaren bi jaialdiak 17:30ean hasita jokatuko dituzte; finalaurrekoena ikusteko, larunbat honetan, 5 euroko sarrera jarriko dute, eta 10 eurokoa izango da sarrera Soro Peri eguneko jaialdian. Azken horretan, urtero legez, 17:15ean irtengo da txaranga plazatik frontoira bidean, Vamos al frontón doinua joz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide