Hogei lagun inguru bildu zen atzo arratsaldean Zestoako Gaztetxean ikasteko espazio baten beharrari buruz hitz egiteko. Zestoako Gazte Koordinadora Sozialistako kideek joan zen astean abiatu zuten "formakuntzarako espazio duinak" aldarrikatzeko borroka, Zestoako liburutegiak ikasteko baldintza duinak bermatzen ez dituela iritzita. "Arazoari aterabidea emateko" asmoz, batzar irekia egin zuten atzo, liburtegiko erabiltzaileen iritziak jasotzeko eta aurrera begirako pausoak zehazteko.
GKSko kideek azaldu dutenez, liburutegiko erabiltzaileen kezkak eta beharrak identifikatzea zen atzoko bilkuraren xedea, eta lehen helburua bete zutela uste dute. "Batzarra parte-hartzailea izan zen, eta jende askok hartu zuen hitza. Liburutegiko erabiltzaileen iritzia jaso genuen, eta aurrera begira zer egin dezakegun ere eztabaidatu genuen, baita alternatiba posibleak mahaigaineratu ere", adierazi dute. Aurrerago beste batzar bat egingo dutela aurreratu dute, baina oraindik ez dute datarik zehaztu.