Zestoako harrobia husteko lanei berrekin diete

Mailo Oiarzabal 2022ko abe. 8a, 14:41

Errepide ondoko siloak bota dituzte Osinbeltz harrobian. (Zestoako Udala)

Lanak urtebete inguru etenda egon ondoren, Osinbeltzen jabetza zuen enpresak Gipuzkoako Foru Aldundiaren beharrezko baimenak eskuratu eta errepide ondoko siloak erauzi dituztela jakinarazi du udalak. Harrobia txukuntzeko lanak "datozen hiruzpalau hilabeteetan amaitzea espero" dutela adierazi du Mikel Arregi alkateak.

Zestoako Osinbeltz harrobia husteko eta txukuntzeko lanei berrekin die Canteras de Zestoa SA enpresak, Zestoako Udalak gaur jakinarazi duenez.

Enpresak eta udalak 2021eko ekainean sinatu zuten akordioaren arabera, enpresak bost hilabeteko epean harrobia hustu eta txukundu, eta herri erakundearen eskuetan geldituko zen eremua. Aurreikusitako epeak, ordea, luzatzen joan dira. Izan ere, besteak beste, lanak urtebete inguru etenda egon dira, GI-631 errepidearen kontra zeuden harrobiko siloak eraisteko baimenen kontura. "Duela urtebete inguru hasi zen enpresa harrobia hustu eta txukuntzeko lanekin, baina siloen erauzketak sortutako segurtasun arazoengatik, Gipuzkoako Foru Aldundiko errepide sailak lanak gelditu zituen. Segurtasun agiri eta tramiteak bete ondoren, desmuntatze eta txukuntze lanak berriro martxan dira, eta dagoeneko arazorik gehien sortzen zuten errepide ondoko siloak eraitsi dira", azaldu du udalak.

Horrela, "epea zertxobait luzatu" den arren, "lanak martxa onean" doazela adierazi du Mikel Arregi alkateak, eta horiek amaitzeko epe berria ere aipatu du: "Dagoeneko errepide ondoko siloak eraitsi dira eta horrek lanak azkartu egingo ditu. Udalak ikuskaritza lanak egiten dihardu eta lanak datozen hiruzpalau hilabeteetan amaitzea espero da".

Eremuaren erabilera aztertzen

Canteras de Zestoa SA-rekin hitzarmena sinatu ondoren aurreratu zuen Arregik Osinbeltzeko harrobiaren eremua "aisialdiari lotutako zerbaitetarako" erabiltzeko aukera.

Gaur, lanak berriro martxan direla jakinaraztearekin bat, herriko eskalatzaileekin eta Agiro mendi klubeko kideekin hitz egiten hasia dela jakinarazi du udalak, hutsik geldituko den harrobi zaharreko eremuan "mendi kirolarekin lotutako aisigune bat egiteko aukera aztertze aldera".

Harrobiko eremua hartzen ari den itxura, huste lanak aurrera doazela. (Zestoako Udala)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide