Mikel Arregi: "Argi gelditu da estrategia integral bat behar dela"

Mailo Oiarzabal 2022ko azaroaren 16a

Mikel Arregi, Zestoako udaletxeko balkoian. (Mailo Oiarzabal)

Piaspe proiektu eoilikoaz egindako batzarraren ondoko "zalaparta" gaindituta, bilkura hartan esandakoak berretsi, eta "pedagogia" eta "kultur iraultza handi bat" aldarrikatu ditu Mikel Arregi Zestoako alkateak.

Zer balorazio egiten duzu joan den azaroaren 4ko batzarraz?

Oso baikorra. Iritzi ezberdinak plazaratu ziren, jakina, baina sentsazio eraikitzaile batekin atera ginen denok.

Zer iritzi jaso duzu egunotan herritarrengandik?

Batzarrean parte hartu zuten herritarrengandik jaso ditugun iritziak ere norabide horretan izan dira. Beraz, alde horretatik baikorra da irakurketa. Batzarraren ondoren, herritarrei eskerrak emanez eta bileran adierazitakoen laburpena eginez, gure balorazioa argitaratu genuen udalaren webgunean. Gerora, batzarra egin eta ez dakit zenbat egunetara, etorri zen zalaparta guztia. Nabarmena da interes mediatiko berezi bat badagoela proiektu honekin, zeren eskualdean badago beste proiektu eoliko bat askoz aurreratuagoa, Oletakoa, oraintsu arte ia inon aipatu ere egin ez dutena.

Zeri egozten diozu aipatzen duzun interes mediatiko hori?

Bueno, betikoa da. Hauteskundeen atarian gaude, eta badago halako interes bat, intentzionalitate bat, EH Bilduren barruko balizko arrakalak puzteko. Bestela, ez da ulertzen herri txiki batean batzar bat egitea, han nire ustez zentzukoak diren hausnarketak egitea, eta, besteak beste, Gipuzkoako egunkari batek horrekin irekitzea azala.

Momentuz daukazuen informazioarekin ezin duzuela Piaspe babestu adierazi duzue. Azpeitiko Udalak harrera hobea egin dio, printzipioz. Egon da aldea, ezta?

Bai, aldea egon daiteke, eta ez dago zertan denak ehuneko ehunean ados egon. Hiru herri ezberdini eragiten die proiektuak, herri bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta herri batetik bestera ñabardurak egotea, irizpideak desberdinak izatea, normala izan behar litzateke. Nire iritziz, behintzat, ez luke albiste izan behar.

Datuak eskuan hartuta, eta batzarrean aitortu genuenez, inpaktu bat asumitu beharra daukagu. Erregai fosilak ordezkatzea eta energia nuklearra historiara pasatzea nahi baldin badugu, ezinbestean, intentsitate handiko azpiegiturak beharrezkoak izango dira, eta bizi garen lekuan, intentsitate handiko azpiegituretaz hitz egiten dugunean, eolikoez ari gara; hainbat azterketaren arabera, Europa guztian dagoen lekurik haizetsuenetakoan bizi gara. Aitortzekoa da, era berean, enpresa honek [Statkraft] hiru udaletan aurkeztu duen hasierako idatzian –eta momentuz ez du besterik aurkeztu– garbi jartzen duela ekoiztutako energia herritarren eta bertako jarduera ekonomikoaren eskuetan uzteko aukera. Hala ere, gure hausnarketan aipatzen genuen egungo araudiak oso desfasatuta daudela eta ezinbestekoa dela plan bat: non den bideragarria horrelako haize errotak jartzea, zenbat behar ditugun... Argi gelditu da estrategia integral bat behar dela, ezinbestean. Energia berriztagarrien azpiegiturak egitearekin batera, aztertu behar dugu gure egungo energia kontsumoa zenbateraino jaistea den posible egungo egoera ekonomikoa gehiegi kaltetu gabe, edo ekonomiari era jasangarri batean eraginez. Gauza horiek denak aztertu behar dira. Izan ere, gaizki goaz, klima aldaketari aurre egiteari dagokionez. 2030erako, isurtzen ditugun berotegi gasak %45 jaitsi behar ditugu. Eta hori da kontua hemen, ez da soilik berriztagarrien azpiegiturak eraikitzea, kontsumoak murriztea ezinbestekoa da.

Herritarrekin hausnarketa eta ahalduntze prozesua martxan jarriko duzuela esan duzue. Zertan da asmo hori?

Denbora bat daukagu. Gure kalkuluen arabera, urte eta erdi edo bi urte pasatu beharko dira administrazio izapide guztiak egiteko; galbahe horiek guztiak gainditzen baditu enpresa honen egitasmoak, orduan iritsiko da proiektua aurkezteko garaia. Epe hori hausnarketarako erabili nahi genuke. Prozesu hori antolatzeko asmoa daukagu, gauza asko daudelako tartean. Orain arte, gure baliabide naturalak erabili ditugun moduan erabili ditugu, eta horiek aurrerantzean nola erabili nahi ditugun erabaki beharko dugu, besteak beste. Pedagogia ere behar da. Uste dut gainera datorkigunaren dimentsioa barneratzetik oso urruti gaudela oraindik; egoera honek kultur iraultza handi bat eskatzen du, hori barneratzeko.

Zestoa, Azpeitia eta Errezil ezaugarri desberdinak dituzten hiru herri dira. Oraindik ez gara prozesu administratiboan bateratzen jarri, baina etorkizunera begira, uste dut hiru herriek batera joan beharko luketela.

Statkraften asmoaren arabera, Zestoako lurretatik garraiatuko lituzkete aerosorgailu guztiak, beren kokapenera eramateko. Zer suposatuko luke horrek?

Kezka berezia sortu digu horrek. Akoa eta Santa Engrazi bailarak eremu bereziak dira; gainera, abelzaintza eta nekazaritza jarduerak garrantzitsuak dira oraindik inguru horretan. Zestoan bertan daukagu aerosorgailuen zatiak ekoizten dituen enpresa handi bat, eta hitz egin dugu guk geure aldetik hango ingeniari batekin. Garbi esan zaigu bide horretatik, interbentzio handirik egin gabe, ezin direla garraiatu tamaina horretako egiturak; lur mugimendu handiak egin beharko liratekeela, baita urbanistikoki aldaketa nahiko handiak ere, beheko zatian. Garraio horren proiektu xeheturik momentuz mahai gainean ez zaigula jarri aitortuta, gure ustez, orain arte esandakoarekin, ez da bideragarria, guk behintzat ez dugu horrela ikusten.

Energia eolikoaz baliatzeko beste ereduren bat proposatuko al zenuke?

Lehen esan dudan bezala, plangintza da behar dena. Urola Erditik haragoko kontua da hau. Euskal herritar gisa, gustatuko litzaidake plan energetiko nazional bat edukitzea, erregai fosilak ordezkatzeko estrategia ordenatu bat. Energia berriztagarrien aldeko apusturik ez da egin EAEn, 2002ko Lurralde Plan Sektorial desfasatua da horren erakuslea, eta momentuz ez dago besterik. Udal bakoitzak ere bere arauak ditu, eta gureak arau zaharkituak dira. Bestea da, eta hori ere azpimarratu behar da, tamaina horretako proiektuen aurrean, interes goreneko proiektu izendatzen direnekin, udalok daukagun erabakitze ahalmena oso-oso mugatua dela. Proiektu honekiko posizio kritikoa daukagu, baina aztertzeko prest gaude.

Zestoan Argiola energia kooperatiba sortzeko lanetan zabiltzatenean iritsi da Statkraften eolikoen proiektuaren albistea. Zer fasetan dago Argiola?

Hilabete batzuk daramatzagu lanean, Goienerrekin hitzarmena sinatu ondoren. Hitzarmenaren helburua zen herrian egitura juridiko bat sortzea, energia komunitate bat eratzea, kooperatiba formatuan. Talde sustatzailea sortuta dago, eta aipatutako egitura sortzear dago. Herrian energia berriztagarrien bidez sortutako energia guztiaren kudeaketa kooperatibak eramatea da helburua. Herritarrek bazkide izateko aukera izango dute, eta udala ere inplikatuko da; besteak beste, eraikin publikoetan eguzki plakak jarrita. Baina argi esan beharra dago: kontsumo arduratsu baterako ibilbiderik egin gabe, estrategia integralik gabe, jarri aesorgailuak edo jarri nahi dena, ez ginateke iritsiko iritsi beharko genukeen tokira. Hori guztia egin gabe, 200 metroko aerosorgailu batzuk jartzea ez da arduratsuegia, gure ustez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide